Auzoz auzoko bilerak izango dituzte Oiartzungo Gobernu taldeko ordezkariek ostegunetik aurrera. Guztira zortzi batzar egingo dituzte urriaren 6ra bitarte eta guztiak 19.00etan hasiko dira.

Udalaren, herriaren eta auzoen egoerari buruzko informazio orokorra emateaz gain, bukatzear dagoen legealdiko balorazioa egingo dute udal ordezkariek. 2023 urterako aurrekontu proposamena ere aurkeztuko dute eta bizilagunen proposamen eta ekarpenak jaso eta lehentasunak zehazteko aukera ere egongo da saioetan.

Altzibarren, auzoa biziberritzeko lanen egoeraren berri emango dute eta Udalak bertan egin nahi duen frontoiaren proiektuaz ere hitz egiteko aukera egongo da. Auzo honetan izango da lehenengo bilera, ostegun honetan goiko eskoletan, esan bezala 19.00etan.

Gainontzeko bilerak urriko lehenengo astean gauzatuko dira: urriaren 3an, Arraguako Aldeguna elkartean eta Karrikako Artason; urriaren 4ean, Ergoiengo Auzokalten eta Ugaldetxoko Isasti auzo lokalean; urriaren 5ean, Gurutzeko Bizardia elkartean eta Iturriozko Argiñeneko auzo lokalean eta urriaren 6an Pleno aretoan Elizaldeko bizilagunekin.

Jexux Leonetek, Oiartzungo alkateak, azpimarratu duenez, auzo ba-tzarrak “Oiartzun elkarrekin eraiki-tzeko” bidea dira. “Herri bizia eta kohesionatua sortzeko balio dute, iritzi ezberdinak partekatu eta adostasunetara iristeko aukera ematen baitute”, gaineratu du. Horregatik, oiartzuarrak bileretan parte hartzera animatu ditu.