Mutrikuko Udalak Parke sarea proiektua abiatu zuen martxoan, herriko aisialdi eta jolas eremuak modu parte-hartzailean hobetu nahian, beti ere, “jarduera anitzagoak egiteko aukera eman dezaten eta sare bezala funtzionatzeko”.

Ordutik hainbat ekintza burutu dira (online galdetegi ireki bat; adinekoekin eta kanpotik etorritako herritarrekin elkarrizketak; ludoteka, gaztelekua eta Hezkuntza Batzordeko kideekin tailerrak...) eta guzti horietan jasotakoarekin parkeen egungo diagnosia osatu da.

Hori dela eta, parte-hartze prozesuak orain arte emandakoa ezagutzera emateko karpa ipiniko du Udalak ostiralean (17.00etatik 20.00etara bitartean) Txurruka plazan. Bertan, era ezberdineko informazioa aurkitu ahalko da (prozesuari eta parke bakoitzari buruzkoa; sarea osatzen duten guneen mapa; parke bakoitzari emandako ezaugarriak...).

Era berean, plazako karpara bertaratzen diren herritarrek sareko parkeak hobetzeko egoki ikusten dituzten proposamenak egin ahal izango dituzte.

Herritarren ekarpenak jaso ondoren, Udalak jarraipena emango dio Parke sareak proiektuari, egindako diagnositik abiatuta. – Jabi Leon