Datozen aste eta hilabeteetan Usurbilgo Udalak Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa ireki aurreko lan saioak eskainiko ditu Txirikordarekiko interesa izan dezaketen herritar guztientzat. Helburua proiektuaren edukietan sakontzea da eta lehenengo bilera irekiak datorren ostiralean eta larunbatean izango dira Potxoenean.

Obrak martxa onean direla, Txirikorda ireki aurretik egin beharreko lanketa betean da Udala: batetik, erabilera arautuko duen ordenantza osatzen, etxebizitzak nori eta zein baldintzatan esleitu arautzeko, eta, bestetik, Txirikordako etorkizun hurbileko bizilagunek proiektuaren izaera barneratzeko prestakuntza saioak antolatzen.

Ostiraleko eta larunbateko saioak Hiritik At kooperatibak gidatuko ditu. Lehenengo egunean 18.00etatik 20.00etara Belaunaldi arteko esperientziak izenburuko mahai-ingurua izango da. Bertan, Matiazalei eta Hernaniko auzo zaintzari buruz hitz egingo da.

Larunbatean, 10.00etatik 13.00etara, Errenteriako gazteentzako etxebizitza Komunitarioen eta Madrilgo Entrepatios izeneko esperientziak ezagutuko dira. Azkenik, Txirikorda proiektua aurkeztuko da. Uneko itzulpen zerbitzua izango da saio hauetan.

Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa 16 etxebizitzak osatuko dute eta Usurbilgo Udala da jabea. Azken egunotan, Udalak eskutitzak bidali dizkie Txirikordaren erabiltzaile izateko adin baldintzak betetzen dituzten herritarrei: 18 eta 30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei, guztira, 2.000 inguru. Proiektuaren berri emateko aldizkaria, Txirikorda jardunaldien inguruko informazioa eta bertan parte hartzeko gonbidapen gutuna jaso dituzte. Horrez gain, jakinarazi zaie Txirikordaren parte izateko interesa duenak dagoeneko izena eman dezakeela Usurbilgo Udalaren webgunean, usurbil.eus/txirikorda orrialdean, Izen-ematea ataleko galdetegia beteta.