Datorren larunbaterako, hilak 24, 'Mugitu Andoain' jardunaldia antolatu du Udalak jarduera fisikoa eta kirola herriko kaleetara ateratzeko helburuz. Petri Romero Jarduera Fisiko eta Kiroletako zinegotziak adierazi moduan, jardunaldia urtero bultzatzen da: “Jarduera fisikoa sustatzea da gure asmoa, kirola ikusaraziz eta Andoaingo kaleak hartuz, jai giroan. Herritar guztiak fisikoki aktibatzea eta eguneroko ohitura osasungarriak hartzea dira erronkak”. Maider Lainez alkatearen hitzetan, “Andoaingo Udalak beti egin du jarduera fisikoaren eta kirolaren aldeko apustua”.

Ezinbesteko laguntzaile diren tokiko kluben lankidetzari esker aurrera eramango da aurten ere, hala nola, Euskalduna Mendigoizale taldea, SD Euskalduna elkartea, Leizaran EKK, Ganbara ST, Bidewushu, Kabutoken, Karate Andoain, eta Judo Club Andoain, nola Bertxin eta Sta. Kru-tzeko erretiratuen klubak eta 65 urtetik gorakoentzako gimnasia taldea. Bestalde, udal ingurumen sailak ere zenbait jarduera antolatzen lagunduko du.

Horregatik, familientzako eta 65 urtetik gorako pertsonentzako jarduerak aurreikusten dira. Jardunaldia 10.00etan hasiko da eta 13.00etan amaituko da Zumea plazan otamen txiki batekin eta kirolariei esker ona adieraziko zaie.

Egun horretan, parte hartu nahi duten pertsona, familia, lagunarte edo koadrilek bizikletaz gozatu ahal izango dute Goikoplazatik irteera batean edo trebetasun zirkuitu batean eta Larramendi kaleko uztai jolasetan. Goikoplazan egingo den Nordic Walking-go lantegi batean edo arte martzialetako lantegietan ere (karatea, judoa, Kenpo-kai edo Wushu) parte hartu ahal izango da, azken hauek Etxeberrietako plazan. 65 urtetik gorakoentzat bi jarduera berezi egitarautu dira: batetik, Ibili Andoain jarduera Goikoplazatik, gure adinekoek ezagutzen dutena eta, bestetik, ilarako dantza, Zumeaplazan egingo dena.

Bestelako eskaintzak ere egongo dira. Sei urtetik aurrera, hainbat futbol, saskibaloi eta eskubaloi jokotan parte hartu ahal izango da Kale Berrian eta, azkenik, zortzi urtetik aurrerakoek skate boalding eta surfskate lantegi batean parte hartu ahal izango dute.