Azken urteotan aldaketa nabarmenak ematen ari dira harreman ereduetan, teknologia berrietan edota biztanle mugimenduan. Aldaketa guzti horiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari; eta globalizatutako mundu honetan, Azpeitiko Udalarentzat “ezinbestekoa” da euskararen aldeko hautua egitea.

Hori dela eta, Udalak Euskararen Plan Estrategikoa osatuko du, beti ere, “datozen urteetan euskara sustatzeko”. Eneritz Albizu, Euskara Batzordeburuak, joan den asteazkenean Basazabal jauregian egindako aurkezpenean jakinarazi zuenez, plan hori diseinatzeko bideorria “herritarren pertzepzio, esperientzia, iritzi zein ekarpenetatik abiatuta” osatu nahi da; eta horregatik herritar norbanako zein eragileekin lanketa egiteko prozesua osatu da. Lan horretan, Emun aholkularitza kooperatiba izango da Udalaren bidelagun.

Albizuren hitzetan, “gure herria euskalduna da azpeitiarrek horrela erabaki dutelako, euskaraz bizitzea aukeratu dutelako. Belaunaldiz belaunaldi transmititu da, eta etxean jaso ez duten ehunka eta ehunka herritarrek ere ikasi dute”.

Hala ere, euskara sustatzeko “behar bezalako” plangintza egitea beharrezkoa da Udalarentzat; eta horretarako “eragileak eta herritarrak ezinbestekoak dira”. Plan horretan aurrera begira egin beharrekoak zehaztuko dira; eta planaren garapena eta jarraipena egiteko Euskara Mahaia sortuko da “prozesuaren bukaeran”.

Bi fase

Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko parte hartze prozesuak bi fase izango ditu. Batetik, herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegi bat banatu da etxez etxe. Eta bestetik, talde dinamikak egingo dira urrian.

Inkesta eskuorrian agertzen den QR kodea erabilita edo labur.eus/azpeitiaeus helbidearen bitartez bete daiteke. Era berean, udaletxean, euskara patronatuan, liburutegian edo igerilekuan entregatu edota anbulatorio aurrean eta epaitegi atzean jarritako buzoietan utzi daiteke.

Saioen dinamikari dagokionez, “irekiak izango dira eta interesa duen edonork hartu ahalko du parte”. Saio bakoitza gai baten ikuspegitik landuko da “baina eragile edo norbanakoren batek beretzat egokiena den saiora joateko aukerarik ez badu, besteren batera joatea aberasgarria ere izan daiteke”, azaldu zuen Mikeldi Zeberio Emuneko teknikariak.

Saioak ordu eta erdikoak izango dira: “Hasteko prozesuaren aurkezpena eta azken urteotan euskararen erabileraren inguruan bildutako datuak azalduko dira”. Jarraian, talde dinamika egingo da, gehienbat, aurrera begirako erronketan erreparatuz.

Edonola ere, talde dinamikekin hasi aurretik Soziolinguistika klusterrak Azpeitiko hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztuko ditu hilaren 20an (18.30ean) Basazabal jauregian.