Bueltan da Ibarrako azoka bereziaren XXII. edizioa. Igandean ospatuko du Hauspoa elkarteak, 10.00etatik 14.00etara. Aurten ere Emeterio Arrese parkean eta inguruetan elikagaiak, artisauak eta erakusketak izango dira, eta eskualdekoak izango dira postugile gehienak. Bi lehiaketa berreskuratu dituzte. Alde batetik, Xepla elkarteak antolatzen duen Ibarrako Piparraren XVI. Lehiaketa Gastronomikoa. Epaimahaian izango dira Sonia Tapia (Fronton), Matias Gorrotxategi (Julian erretegia), Roberto Ruiz (Hika txakolindegia) eta Adur Arrieta (Hondarribiako Tatapas gastroteka). Bestetik, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta, Tolosaldeko XXIV. Ezti lehiaketa izango da. – M.S.S.