Uztailaren 27an, jaietako programa aurkezterakoan, Haritz Alberdi alkateak adierazi zuen: “Adin guztientzako programa bat egin dugu eta nabari da gaurko egunean. Adin guztietako jendea etorri baita aurkezpenera. Herritar guztiak daude gogotsu festak hasteko eta guztiok batera oso ondo pasatzea dugu helburu”.

Bazen garaia Salbatoreak ospatzeko. Getariar guztiak gogotsu egon dira azken urteotan herriko festak noiz iritsiko zain. Bueltan dira jada! Gaurtik astelehenera arte festetan murgilduko da herria.

Beraz, 11.00etan hasiko da programako lehen ekintza: Paella-Lehiaketa antolatu dute txosnagunean. 12.00etan txosnaguneko txupinazoa botako dute eta irekiera estreinatuko dute Libe eta Olano herriko bertsolariekin. Ondoren, 14.30ean gazteen herri-bazkaria ospatuko dute eta gero, jolasak egingo dituzte. Gaueko 23.00etan kontzertuak egongo dira txosnetan: The lio, Occhi Di Farfalla eta Intzak Hik!.

Bihar, 10.00etatik 12.00tara haur parkea egongo da frontoian, Berdura plazan eta Harritarten. 12.00etan jaiei hasiera emateko haurren txupinazoa egongo da udaletxeko balkoian. 16.00etatik 19.00etara haur parkeak jarraituko du esandako lekuan eta 21.00etatik 00.00etara, Gau Irekia egingo dute Cristobal Balenciaga Museoan. Erakusketak gauez bisita-tzeko aukera izango da. Sarrera doakoa izango da eta azken sarrera 23.15ean izango da.

Txosnetan kontzertuak egongo dira 23.00etatik aurrera. Onlifly, Ezinegon eta Larekba taldeak egongo dira bertan. 0.00etan ikurrinaren goratzea eta txupinazoa ospatuko dute. Bertan, Arrantzaleen bikoteek igoko dute bandera, herriko abesba-tzak eta musika bandak lagunduta.

Larunbatean, Getariako Musika Bandaren Dianarekin hasiko dute eguna 9.30ean. 11.00etan meza nagusia egingo da eta 12.30ean udaletxe parean ohorezko aurreskua egingo dute. Ordu laurden beranduago, Harritarten, Getariako Musika Bandaren kontzertua ospatuko da eta 17.00etan Padel Txapelketako finalak jokatuko dira kiroldegian. Ondoren, eskuz binakako XXIIII Salbatore Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira frontoian.

20.00etan Broken Brothers Brass Band taldea arituko da kalez kale eta 22.30ean plazan eta frontoi inguruan ibiliko da zezensuzkoa. Orduerdi beranduago Txamukos Mariatxiak egongo dira herriko plazan eta Gozo-Gozo erromeria txosnetan.

Igandean, berriz ere, Dianarekin esnatuko dira (edo jarraituko dute) 9.30ean. Ondoren musikak jarraituko du, izan ere, herriko trikitilari eta panderojoleen kalejira egongo da plazatik moilara 11.00etatik aurrera.

11.40ean hasiera emango diote Euskotren eta Eusko Label ligako estropadari. XIII Getariako ikurrina jokatuko dute eta pantaila erraldoiak jarriko dituzte frontoian eta portuan. Eguerdian hegaluzea parrillan eskainiko dute moilan eta frontoian.

Ordu berean Incansables txaranga egongo da kaleak alaitzen herrian zehar. 16.30ean VIII Patata Tortilla Txapelketa ospatuko da (14-18 urte tartean). 19.45ean Elektrotxorongo Elektrotxaranga abiatuko da txosnetatik eta kalez kale ibiliko da. Gauean 22.30ean Gozategi taldeak joko du frontoian eta hori amaitutakoan, Soinuz Blai Getariako erromeria taldeak, joko du leku berean.

Astelehenean amaituko dira festak Koadrilen Egunarekin. Gaupasero Txaranga izango da azken eguneko lehen ekitaldia goizeko 8.00ean. Bi ordu beranduago Koadrilen arteko XXIV Marmitako Txapelketa ospatuko da. 13.30ean aukeratuko dituzte irabazleak Berdura plazan eta ordubete beranduago koadrilen arteko herri bazkaria egingo dute.

Arratsaldeko 17.30ean Marmitako Txapelketako sari-banaketa egingo da eta plazan, Disko Arima egongo da gaztetxoentzat. 22.00etan zezensuzkoa egongo da plazan eta 23.00etan Fan&Go taldearekin erromeria egongo da plazan. 0.00etan ikurrinaren jaitsiera eta festen amaierako traka egingo dute Bandak lagunduta. Amaiera polit bat emateko kon-tzertuak aurrera jarraituko du eta 0.30ean Maixa eta Malakias DJak egongo dira txosnetan.

Nabarmenena

Gaur, osteguna (Gazteen eguna). Paella lehiaketa txosnagunean (11.00); txosnaguneko txupinazioa eta irekiera, Libe eta Olano herriko bertsolariekin (12.00); kontzertuak txosnetan: The Lio, Occhi di Farfalla eta Intzak Hik! (23.00).

Bihar, ostirala (Haurren eguna). Haur parkea frontoian, Berdura plazan eta Harritarten (10.00-12.00 eta 16.00-19.00); haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik (12.00); jarraian Getariako buruhaundiak, Gazte Alaiak txistulariekin herriko kaleetan zehar; Euskorleans Dixie Bandaren emanaldia kalez kale (20.00) ; Gau Irekia Cristobal Balenciaga Museoan (21.00-00.00); kontzertuak txosnetan: Onlifly, Ezinegon eta Larekba (23.00), Laket taldearekin dantzaldia plazan (23.00).

Etzi, larunbata. Getariako Musika Bandaren Diana (9.30); Meza nagusia (11.00); Ohorezko Aurreskua udaletxe aurrean (12.30); Getariako Musika Bandaren kontzertua Harritarten (12.45), Padel txapelketako finalak kiroldegian (17.00); Eskuz binakko XXIIII Salbatore pilota txapelketako finalak frontoian (17.30); Kantu Kolore plazan (18.00); Bakarrizketa saioa Aitor Arregirekin txosnetan (19.00); Broken Brothers Brass Band kalez kale (20.00); zezensuzkoa plazan eta frontoi inguruan (22.30); Txamukos Mariatxiak (23.00), Gozo-Gozo taldearekin erromeria txosnetan (23.00).

Igandea. Gazte Alaiak txistulariekin Diana (9.30); herriko trikitilari eta panderojoleen kalejira plazatik moilara (11.00); Euskotren eta Eusko Label ligako estropada, pantaila erraldoia frontoian eta portuan (11.40); hegaluzea parrilan, moilan eta frontoian (12.00); Incansables txaranga, kalez kale, moilatik abiatuta (12.00); patata tortila txapelketa (16.30); Elektrotxorongo elektrotxaranga txosnetatik abiatuta (19.45); Gozategi frontoian (22.30); jarraian Soinuz Blai Getariako erromeria taldearen emanaldia frontoian.

Astelehena. Gaupasero txaranga (8.00); koadrilen arteko XXIV marmitako txapelketa (10.00); kaiña-bi trikifarra (12.00); marmitako txapelketako irabazleen aukeraketa Berdura plazan (13.30); koadrilen arteko herri bazkaria Harritarten (14.30); bazkalostean Bentazaharreko Mutiko Alaiak Harritarten, eta Marmitako Txapelketako sari banaketa (17.30); Disko Arima gaztetxoentzat plazan (17.30); kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin (19.30); zezensuzkoa plazan eta frontoi inguruan (22.00); Fan&Go taldearekin erromeria plazan (23.00); ikurrinaren jaitsiera eta festen amaierako traka Getariako Musika Bandak lagunduta (00.00); Maixa eta Malakias txosnetan (00.30).