Nahia Garrido igerilari urretxuarrak urrezko domina irabazi du Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoan, bizkar igeriketako 200 metroko proban.

Finala asteartean izan zen. Atzo 100 metroko tximeleta probako finalean parte hartu zuen eta zazpigarren postuan sailkatu zen. Gaur, 18.30ean, 100 metroko bizkar igeriketa probako finalean parte hartuko du. Proba zuzenean emango dute, eoctv.org/live webgunean.

Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa Eslovakiako Banska Bystrica hirian egiten ari dira. 14 eta 18 urte arteko Europako kirolari onenak parte hartzen ari dira. Espainiako Igeriketa Federazioak 16 igerilari deitu ditu eta euskal herritar bakarra urretxuarra da.

Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa 1990ean sortu zen, Europako Batzorde Olinpikoen Elkarteen eskutik. Europako kirolari gazteei zuzendutako ekitaldi nagusia da. Bi urtean behin egiten da, neguan eta udan. 50 herrialdetako kirolariek parte hartzen dute eta, Joko Olinpikoetan bezala, hiri olinpikoan ematen dituzte lehiaketa egunak. Negukoan 1.600 kirolari inguruk parte hartu ohi dute eta udakoan 3.600 inguruk. Udakoan hamaika kirol daude: gimnasia artistikoa, atletismoa, saskibaloia, txirrindularitza, piraguismoa, eskubaloia, judoa, igeriketa, tenisa, boleibola eta borroka librea. – A.Z.