Síguenos en redes sociales:

Aretxabaletako I. Ikazkin Trailean izena emateko epea zabaldu dute

Aretxabaletako I. Ikazkin Trailean izena emateko epea zabaldu dute

Aspalditik bueltaka zeukaten asmo bat egia bihurtu dute UDA Kirol Elkartearen 75. urteurrenaren aitzakiarekin: mendi lasterketa bat antolatzea. Irailaren 10ean Aretxabaletako I. Ikazkin Trail proba egingo dute, 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa duen ibilbidearekin. “Lasterketak izango duen paisaia ikaragarria da: Kurtzebarri, Elorretakoatsa, Basobaltz, Degurixa…”, nabarmendu zuen aurkezpenean antolaketa taldeko kide den Julen Ezeizak.

Proba herrigunean hasiko dute korrikalariek (10.00etan), eta Urkulutik eta Arientzatik pasata Kur-tzebarrirako bidea hartuko dute. Hor izango du ibilbideak puntu gorena (1.138 metro), eta handik Degurixa aldera joango dira, Basobaltz zeharkatuta. “Azken hau leku oso berezia da; bat baino gehiago harrituta geratuko da handik pasatzerakoan”, aurreratu zuen Ezeizak.

Degurixa jaitsi ondoren, Andarto Txikiko inguruetatik ibiliko dira lasterkariak, itzulerako bideari ekin baino lehen. Urkulura iritsi eta Otala Zelai igaro ondoren, herrigunerantz abiatuko dira, hau da, Durana kalean jarriko duten helmugarantz.

urtero antolatzeko asmoarekin

Ikazkin Trail urtero egiteko asmoarekin jarri dute abian. Bi kategoria bereiziko dira: senior mailako maskulinoa eta femeninoa. “Korrikan parte hartu nahi duten guztientzat zabalik dago, baita oinez egiteko ere”, azpimarratu zuen Ainara Mugak.

Bestalde, bost anoa-postu izango dira: Arientzan, Kargalekun, Degurixan, Muñakolatsan eta Urkulun. Degurixakoan jatekoak eta edatekoak emango dizkiete partaideei; gainontzekoetan, aldiz, edatekoa bakarrik eskainiko diete.

Izen-ematea https://web.rockthesport.com/es/es/master/evento/ikazkin-trail webgunean egin behar da (25 euro).– A.Dominguez