495.000 euro gehituko dizkiote 2022ko aurrekontuei azkeneko Osoko Bilkuran Udalbatzak erabaki duenez. Pleno aretoa digitalki egoki-tzeko, Pelaioenea berritzeko, Usurbil 00 programarako, San Esteban kalea berritzeko, Zaintza Ekosistemaren lizitaziorako eta Matiaren egoitzara iristeko igogailura bideratu dute diru hori. Puntu honen alde EH Bilduk eta PSE-EEk egin zuten, aldiz EAJk abstentziora jo zuen. Horrez gain, 2021eko Kontu Orokorra behin betiko onartu zuten.

Batzarrean azaldu zutenez, udal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei aurre egiteko, beharrezkoa zen hainbat gastu berehala egitea, “horiek atzeratuz gero sortuko litzatekeen kalteak eragin nabarmena izango lukeelako zerbitzuen kalitatean”. Bestalde, aurrekontuaren exekuzioaren arabera, ordea, gastu partidetan ez dago nahiko krediturik gastu horiei aurre egiteko, eta, beraz, kredituak sortu edo gehitzeko proposamena landu zuten.

Kreditu gehikuntzarekin bideratuko diren sei proiektuen artean pleno aretoa digitalki egokitzea aurki-tzen da. Pandemia garaiak plenoa digitalki egokitzeko duen beharra mahai gainean jarri zuen. Hala, altzari berriak erosteaz gain, azpiegitura teknologikoz hornituko dute aretoa. Osoko bilkurak streaming bidez emateaz gain, atzeko gela egokituko dute bilera telematikoak egiteko.

Bestalde, Matiaren igogailu berria eraikitzeko partida lortu da. Udalak gogorazi zuenez, Zaintzadun Etxebizitzen Auzuneko proiektutik kanpo gelditu ziren N-634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua, finantzaketa faltagatik, gerora egiteko konpromisoarekin. Hala, Matiako eta Gipuzkoako Aldundiko arduradunekin lanean aritu da Udala azken hilabete luzeetan, proiektu hori gauza zedin.

Matiarako ez ezik, Kalezarko eta Ugartondoko eremu berrian biziko diren herritarrentzat ezinbesteko azpiegituratzat du Udalak, mugikortasun aktibo eta irisgarritasun unibertsala helburu.

Guztira, 1,2 milioi euro inguruko obra izango da. Matia ari da exekuzio proiektua idazten, eta lortu du finantzaketa, Aldundiak bideratutako dirulaguntzen bidez, eta Usurbilgo Udalak ere ekarpen ekonomikoa egingo du: 300.000 euro, bi zatitan (erdia 2022an eta beste erdia 2023an). Kreditu aldaketak 2022ko ordainketa ahalbidetuko du (150.000 euro). Gainerakoa 2023ko aurrekontuetan jasoko da.