Datorren asteazkenetik aurrera, Zumaiako 38. Musika Jaialdia ospatuko da. Era guztietako kontzertuak antolatu dituzte toki ezberdinetan. Jaialdia abuztuaren 7ra arte luzatuko da.

Gauzak horrela, lehen kontzertua arratsaldeko 19.00etan izango da Mari Kalean. Klarinete Maratoiko Laukote irabazleak estreinatuko du jaialdia. Hurrengo kontzertua datorren larunbatean (uztailak 30) izango da Odietan 20.00etan. Zumaiako Musika Bandak eta Aldapeko Basque Latin taldeak eskainiko du.

Abuztuaren hasierarekin batera 20.00etan San Pedro Abesbatzak eta Sapere Aude Sinfonietak Xabier Lete In Memoriam ikuskizuna egingo dute Zumaiena Ikastetxean.

Abuztuaren 2an Aita Marin Opera Proiekzioa egongo da arratsaldeko 20.00etan. Hurrengo egunean, ordu berean, Iker Gonzalezen eskutik hitzaldia egongo da Oxford Aretoan.

Abuztuaren 4an Traka Matraka Culinary Centerrek emango du kon-tzertua arratsaldeko 19.00etan. Nabarmendu behar da talde honek birziklatutako materialekin egiten duela musika. Abuztuaren 5ean Odieta frontoian Dantza ikuskizuna egongo da Neri(h)ari, Iceberg eta Lasa Aliveren eskutik 20.00etatik aurrera.

Jaialdia esan bezala abuztuaren 7an, igandea, amaituko da. Azken kontzertua San Pedro parrokian burutuko da arratsaldeko 20.00etan. Bertan, Donostiako Musika Hamabostaldiko kontzertua izango da Duo Cassadó taldearen eskutik. Bikote honek publikoa zein kritika espezializatua bereganatzen ditu bere originaltasun eta karismari esker. – Pedro Amundarain