Herrian ohitura denez, Umeen Eguna (hilaren 24an) eta baserritarrei eskainitako Santio Eguna (25ean) ospatuko dituzte saninazioetako txupinazoaren aurretik.

Santio Eguneko antolatzaileek Añota sagardotegian aurkeztu zuten asteazkenean okasiorako prestatutako egitaraua. Gazta lehiaketa, ganadu txapelketa, pintxoak, bertsoak eta musika emanaldiak izango dira, eta nola ez, aurtengoan Gipuzkoako 23 sagardogileren partaidetzarekin ospatuko den XLII. Sagardo Lehiaketa.

Izan ere, Baserritarren Eguneko festa Azpeitiko Sagardoaren Lagunak, Euskal Sagardoa, Sagardoa Route, Añota eta Udalak elkarlanean antolatzen duten Sagardo Txapelketaren bueltan egiten ohi da Azpeitian eta aurten ere horrela izango da.

Sagardogileek 3.300 bat botila ekarriko dituzte, plazako arkupeetan jarriko dituzten postuetan dastatzera emateko. Sagardoarekin batera, plazan bertan erreko duten txekorraren, hegaluzearen eta Idiazabal jatorriko XII. Gazta Lehiaketan parte hartuko duten 28 gaztagileek jarritako pintxoak dastatu ahalko dira (2 eurotan) Plaza Nagusian.

Xebastian Lizaso Azpeitiko Sagardoaren Lagunak taldeko kideak Añotako aurkezpenean esan zuenez, sariketak berezitasun bat izango du aurten: “Jendeari aukeran jarriko zaio sagardoa kopatik edatea ala edalontzitik edatea”. Izan ere, biak jarriko dituzte salgai, edalontziak eta kopak, jendeak aukera dezan. Horrez gain, epaimahaikideek ere kopan dastatuko dituzte aurkeztutako zukuak.

Egitaraua

Santio Eguneko egitaraua abiatzeko Cesar Valverderen omenezko XXXVII. Pilota txapelketaren finalak jokatuko dira Izarraitz frontoian (10.00etatik aurrera) eta horren ondoren Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen goiz eresia (10.30), Nafarroako banderari omenaldia, Euskal Herriko XV. Blonda Txapelketa (11.00etan Zelai Luzen), Idiazabal jatorriko XII. Gazta Lehiaketa (11.00etan, plazan), XLII. Sagardo Txapelketa (12.00etan, plazan) eta Kantu Jira taldekoen, Hazparnekoen eta Marea Arroxakoen kalejira (12.00etan) izango dira.

Festa girotzeko, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Andrea Bidart bertsolarien emanaldia izango da, eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilari eta pandero jotzaileek jarriko dute musika.

Arratsaldean Errekortarien Txapelketa Nagusia jokatuko da zezen plazan (18.00etan) eta horrekin batera Jainekin txarangaren kalejira (18.30), Zirkoteke ikuskizuna (19.00etan Balentina Agirre plazan) eta Kalakan taldearen kontzertua (20.00etan, Perez Arregi plazan) izango dira. l