Urnietako Udalak Eguzkialde parkean aurreikusi du skatepark berriaren kokalekua, hala, eremu naturala izaki, zuhaitz eta berdegune artean integratuko da.

Skatepark berrian skatearen modalitate ezberdinak praktikatu ahal izango dira, eta honek erantzuna emango dio urnietarren eskaera historikoari.

Udaletik gogorazi dutenez, aurrekontu parte-hartzaileetan herritarren eskaera nagusietako bat izan zen skateparkearena, eta ordutik, Udalak pausu ezberdinak eman ditu egikaritu ahal izateko.

Urte hasieran egin zen aurreneko bilera, erabiltzaileen lehentasunak entzuteko eta denen artean Urnietak behar duen skateparkearen ideia garatzeko.

Ekainean berriz, Eula Arkitekoak estudioak skatepark berriaren lehen proiektua aurkeztu zuen bilera ireki batean herritarren aurrean eta harrera ona izan zuen bertaratutako erabiltzaileen artean. – A.M.