Síguenos en redes sociales:

Lasarte-Oriak aurrekontuak ahalbideratu ditu

Lasarte-Oriako 2022rako aurrekontuen bozketan EAJ/PNV abstenitu da, gisa horretan onarpena ahalbideratzeko, azaldu du komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Jon Antxordoki bozeramailearen hitzetan “EAJ/PNV abstenitu egin da 2022rako aurrekontuak berrikun-tzarik ez dituztelako eta gobernu taldeak ez du gaitasunik izan 2021eko aurrekontuak kudeatzeko”.

“2021ekoa bezalako aurrekontu on bat epe barruan kudeatzeko gai izan ez badira eta aurrekontuetan berrikuntzarik ez badituzte aurreikusi, aurrekontu berriak ez dira eraginkorrak izango”, gaineratu du.

Bozeramaile jeltzaleak aditzera eman duenez, aurrekontuak hain berandu, ekainaren 27an, onartzeak kezka eragin die: “Udal langileek, proiektuak abian jarri ahal direnean, lau hilabete baino ez dituzte izango horretarako (irailetik abendura). Ekainaren amaieran udal aurrekontu bat aurkeztea gobernu taldearen lidergo politiko faltaren seinale da, eta atzerapen horrek tentsioa areagotuko du aurrekontuen aplikazioan”.

Izan ere, EAJk jakitera eman duenez, gobernu taldeak berak emandako datuen arabera, 2021eko udal-aurrekontutik inbertsioen %10 baino ez du gauzatu: “Egoera horrek Lasarte-Oria geldiarazten du, eta ez dugu uste udalerriaren etorkizunarekin norabide onean jartzeko gai direnik”. “2022ko aurrekontuari begira EAJ/PNVk konpromisoak eskatu dizkio gobernu taldeari”, esan du Antxordokik. – A.M.