Oñati – Erronkez beterikoa izan du Oñatiko alkate bezala eginiko lehen agintaldia Izaro Elorza Arregik. 2019. urteko udal hauteskundeen ostean, legealdiak denbora asko ez zuenean, covidaren pandemiak erabat aldatu zuen lau urterako plangintza Euskal Herriko udaletxeetan. Oñatin ere halaxe izan zen, egokitu beharra, alegia. Hala ere, egoerari aurre egiten jakinda, proiektu esanguratsuak abiarazi ditu Elorzaren udal gobernuak, kudeaketa gaitasunaren adierazgarri. Osasun krisiaren hasieratik urte pare bat pasata, agintaldiaren balantze positiboa egiten du alkateak.

Dagoeneko hiru urte igaro dira azken udal hauteskundeetatik. Nolakoa da urte hauetan lortutakoaren balorazioa?

Pozik gaude egindakoarekin. Egoera nahasia genuen, aurreikusi bariko gertaerez jositakoa, nagusiki, pandemiak eraginda. Horrek, zela ez, eragin handia izan zuen egunerokoan, baina egoera berrietara, unean unekoetara, egokitzen jakin dugu. Testuinguru gordinenean ere lanean jardun dugu, zegoenari aurre egiteko saiakera etengabean, eta, beharra zegoenean, alternatiba berriak topatzeko anbizioz. Finean, herriaren eta herritarren alde egiten segitzeko konbikzioz sartu ginen Udalean. Eta halaxe jardun dugu. Gainera, esango nuke, egindakoa kudeaketarako dugun gaitasunaren erakusgarri izan dela. Lan talde sendoa dugu EH Bilduren udal gobernuan. Guztiok jardun dugu eta gabiltza sekulako konpromisoz, eta, horrek, asko laguntzen du kudeaketan.

Denbora honetan esangura handiko proiektuak martxan jarri dituzue Oñatin. Zeintzuk dira nabarmengarrienak?

Oro har, hiru dira orain artekoan inbertsio esanguratsuenak eta jarraipen zorrotzenak eskatu dituzten egitasmoak: Zubikoa kiroldegia –iaz bukatu genuen eraberritzea–, Oñatiko Natur Eskola –eraberritzea bukatuta, ohiko dinamikan sartua dago dagoeneko– eta Araozko ostatua –bukatua dago eraberritzea, eta, orain, azken fasean da haren kudeatzailea zehaztuko duen lehiaketa publikoa–. Esango nuke aipaturikoak ez direla eraberritze hutsak, filosofia eta eredu jakin bat daudela horien atzean. Besteren artean, ingurumenarekiko errespetua, kirol osasuntsua, herritarren ahalduntzea, iraunkortasuna… dituzte egitasmo horiek guztiek erdigunean.

Dena den, hauek ez dira martxan jarritako proiektu bakarrak, ezta?

Ez, ez. Alor guztietan gabiltza buru-belarri, beharrak identifikatzen, eta, horiek oinarri, egitasmo berriak abiarazten. Adibidez, helduentzako Esperientzia Gelen egitasmoa aurkeztu dugu asteon; herriko jolas guneak hobetzeko diagnostikoarekin gabiltza –herriko gaztetxoenen, gurasoen, zaintzaileen… ekarpenak funtsezkoak dira prozesuarentzat–; hasiak gara Emakumeen Etxea sortzen; Eguneko Zentro Arina abiaraziko dugu; Onaro Oñatiko telekomunikazio operadorea sortu dugu –kanpora begira ere, sekulako oihartzun izan du–; egitasmo ezberdinak sortu dira mugikortasun jasangarriaren alorrean          –horien artean dira patinentzako aparkalekuak, bizikleta aparkaleku berriak (horietako zenbaitetan, estalkia jarri da), bidegorriko hobekun-tzak, autobus zerbitzua aldian aldira egokitzea haren erabilera handitzeko edota oinezko bideak hobetzea–; herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzuetan kontsumo kontziente zein arduratsua sustatzeko bono kanpainarekin gabiltza… Ikusten duzunez, asko dira, askotarikoak. Hori bai, guztietan, berdina da filosofia.

Agintaldian gelditzen den denboran proiektu gehiago aurrera ateratzeko asmorik du Udalak?

Bai, zehazki bere garaian aurkeztu genituen bi proiektu estrategiko gauzatuko ditugu. Batetik, lehen aipatu dudan Emakumeen Etxearen proiektua agintaldia bukatu baino lehen martxan jartzea da asmoa, eta bestetik, Musika Eskola abiatzeko partaidetza prozesu batean murgilduta gaude orain. Etorkizunean ekipamendu honek zer izango litzateke definitzeko helburua du prozesuak eta, ondoren, Musika Eskolaren eraikina irudikatzera edo marraztera pasako gara. Parte-hartze prozesua amaituta dago eta hor jasotakoarekin erabakiak hartu behar ditugu, kudeaketa eredua, ikastaro motak, ikasle kopurua eta beste ezaugarriak zehazteko, Oñatik dituen beharren arabera.

Bestalde, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eguneratzean ere badabil Oñatiko Udalak. Nola doa prozesua?

Plan Orokorren tramitazioak ez dira egun batetik besterakoak. Jakina da hori. Momentuz, aurrerakina dugu onartua. Behar genuen lurralde eredua zein zen erabaki zen hartan. Orain, adostuak dauden oinarriak eta kriterioak erdigunean, planaren garatzean murgildurik da idazketa taldea, hurrengo faserako txostena egiten. Profil teknikokoa du idazketa taldeak. Dokumentua prest dagoenean, hasierako onarpena egin aurretik, udal mailan aurkeztuko dugu, proposamenak egiteko epe bat zabalduz. Prozesu luzea da, bai. Baina hirigintzaren alorrean etorkizuneko Oñati zelakoa izango den zehaztuko du. Beraz, funtsezkoa da behar moduko plan bat egitea, berme guztiak izango dituena, horrek prozesua luzatzea ekarri arren. Bide onean doa.

Gainera, momentu hauetan aurtengo aurrekontu parte-hartzaileak martxan dituzue Oñatin.

Bai. Bigarren edizioa da honako hau. Partaide-tzari garrantzia handia eman gura izan diogu gure gobernantza ereduan. Uste dugu funtsezkoa dela egunerokotasunean herriko bizilagunei entzutea eta haiei eskutik helduta joatea. Azken urteotan hasitako ibilbidea da –partaidetzari loturiko ekimen ugari jarri dira martxan, eta askotariko alorretako egitasmoek zenbaitetan euren egiten dituzte parte hartze dinamikak–. Partaidetzak, bilakatu beharra du sarri, unean unera egokitu beharra. Eta Partaidetzazko Aurrekontuek ere badute malgutasun hori. Aurtengoa diseinatzeko, aurreko edizioa aztertu genuen, prozesua bere horretan, hobetu zitezkeenak, hobe-tzeko.

Ildo horretan, herriko Partaidetza Araudia onartu duzue, ezta?

Hala da. Gainera, uste dugu Partaidetzan erreferentzia izan daitekeela, ez dugulako hutsetik sortu, parte-hartzea ulertzeko modu horretatik arautu dugulako baizik. Azken finean, besteren artean, herritarrek Udalean eragin zuzena izateko aukerak eta bideak irekitzea ahalbide-tzen du dokumentuak. Behin araudia onartuta, ekintzetara pasa nahi dugu, herritarrengana modu ulergarriagoan heltzeko. Laster ekingo diogu lan horri.

Udalaren leloa ‘Oñati, dabilen herria’ da. Esan daiteke berdinean jarraitzeko zabiltzatela lanean?

Noski. Ez da lema soil bat, gogoeta sakon baten emaitza baizik. Tartean, esan gura du Oñati ez dagoela geldi, dinamikoa dela, unean unera egokitzen dela, egitasmo berriak eraikitzen dituela, gauza berriak sortu. Azken urteotan gauza politak jaio dira herrian. Hori, ibilian dabilelako da. Lema horren baitan da, bestetik, Udalak Oñati herritarrekin batera egin nahi duenaren ideia, balio sozialen aldeko apustu sendoarekin, partaidetzan, feminismoan, iraunkortasunean, elkartasunean, elkarrekintzan, elkarlanean, elkar zaintzan, inklusioan, ahalduntzean... oinarrituz. Bagabiltza. Eredua aldatu zen, eta badoa aurrera.