Ohikoa denez, hiru txupinazo bota ziren Sanpedroei hasiera emateko Lasarte-Orian: 12.00etan txupinazo txikia udaletxe zaharreko balkoitik, 19.00etan txupinazo ofiziala Nagusilan elkartekoen eskutik udaletxe berriko balkoitik eta 20.00etan Sorgin Jaien txupina Okendo plazan.

Txupinazoez gain, ohitura handiko beste ekitaldi batzuk ere egon ziren festetako lehenengo egunean: hala haurren bazkaria Atsobakar parkean eta ondorengo Busti Blai ekimena auzoko plazetan, Sorgin-dantza, kuadrillen jaitsiera, zikiro-afaria eta danborrada.

Gaur, San Pedro eguna izanik, ekitaldi instituzionalek beren lekua izango dute. 11.00etan Herri Meza ospatuko da San Pedro parrokian eta 13.00etan, Nagusilan elkarteari omenaldia egingo zaio Manuel Lekuona kultur etxean.

Bestalde, beste moduko ekitaldiak ere egongo dira, adibidez, dastaketa gastronomikoak nagusi izango dira: 12.00etan Extremadurako danbolin-jotzaileen ekitaldia eta migen dastaketa (Extremadurako Etxea) eta 18.00etan sardina-jate herrikoia (Aterpea) eta sagardo dastatzea (Ttakun). Dastaketa guztiak Okendo plaza izango dira.

Alkateak, Agustín Valdiviak, eta Jaietako zinegotziak, Txus Alonsok, jaietako agurrean esan bezala, gogo, itxaropen eta desio handia zegoen bi urteren ostean festak iristeko. "Udalak mimo eta maitasun handiz antolatu ditu festa hauek, denok berriz elkartzeko festak", adierazi dute. "Gure ustez, Lasarte-Oriak festa handiak merezi ditu, eta programak horixe adierazten du: kaleko jarduera, musika, joko, tradizio... ugariko programa izango da. Tokiko elkarteek, kirol-klubek eta kolektiboek, gure jaien bihotzean beti egon direnek, beren ekarpena egingo diote programari, beti bezala", azpimarratu dute.

Izan ere, egutegiak asko ez lagundu arren, festak astean zehar ospatuko direlako, jai handiak izango direla dudarik ez dago. Udalak ia 188.000 euro bideratu ditu aurtengo jaietara eta aurrekontuaren erdia baino gehiago musika kontzertuetan gastatu du. Publiko eta gustu guztietarako emanaldiak egongo dira. Zea Mays, El Drogas, Kai Nakai Modus Operandi eta Skakeitan bezalako talde ezagunak izango dira egunotan.

Musika komertzialagoa nahiago dutenek gaur Dial al Sol emanaldia izango dute Andatza plazan Carlos Baute, Efecto Pasillo, Miriam Rodríguez eta etorkizun ederreko abeslari gazteekin.

Gainera, Isla plazan dantzaldiak egongo dira, Sorgin jaiek ere kon-tzertuak antolatu dituzte eta gazteentzat DJ emanaldiak izango dira.

Azkenik, Udalak jaiek irauten duten bitartean Manttangorri zerbitzuan eta eskualdean ibiltzen diren autobusen ordutegi eta ibilbidean egongo diren aldaketei adi egoteko eskatu du. Aldaketak nabarmenak izango dira Kale Nagusia itxita dagoen orduetan. l