Euskararen erabilera esparru guztietan bermatu nahi du Ordiziako Udalak, baita kirolean ere. “Helburu orokor horren barruan kirol-arloa euskalduntzeak lehentasun osoa du”, adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Asmo hori garatzen jarraitzeko, herriko kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko 2011an sinatutako hitzarmenak berritu dira. Izan ere, euskararen erabileran eragiteko, kirola esparru estrategikotzat jotzen du udalak: “Besteak beste, kirol-taldea gazteen sozializaziorako eremu funtsezkoenetakoa da. Taldeak indarra du hizkuntzen ohituran eta, aipatutako sozializazio hori euskaraz egiten bada, primerako aukera da gazteen artean euskararen aldeko ohiturak errotzeko”.
Hauek dira hitzarmena berritu duten kirol elkarteak: OKE Urpekoak, Goierri Gorri elkartea, Ordiziako Mendizaleak, Nesken Areto Futbola elkartea, Ordiziako Lareo Tenis Kluba, Ordizia Triatloi taldea, Emaneurre elkartea, Oiangu Pilota elkartea, Txindoki Atletismo taldea, Txapagain elkartea, OKE Igeriketa, OKE Saskibaloia, Ordizia Rugby elkartea, OKE Futbola, Ordizia Eskubaloi elkartea, Ordizia Txirrindularitza, OKE Gimnasia Erritmikoa.