28 proposamen (inoiz baino gehiago) aztertu ondoren, epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu 2022ko Azpeitiko Kultur Sorkuntza Beken VII. edizioaren baitan gauzatuko diren lanak. Udalak eta Kulturaz Kooperatibak jakinarazi dutenez "sei proiektu eta bi sormen egonaldiren artean banatuko dira beka hauetarako egokitutako 20.000 euroak".
Eneritz Albizu, Kultura batzordeburuak, prozesuen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen aurtengo irabazleak aurkezteko egindako agerraldian: "emaitza aurkezteko lanari beti garrantzia gehiago eman izan zaio. Baina guk atzeko lanari eman nahi diogu indarra. Eta horri erantzuteko asmoz sortu ziren Sorkuntza Bekak".
Sei izango dira 2022ko Kultur Sorkuntza Beken bitartez diruz lagunduko diren sormen prozesuak.
Sara Madrazo azpeitiarrak, Ehunak proiektuaren bidez, "euskal artilea hartu, naturalki haritu eta alfonbrak egiteko proiektua" garatuko du.
Sabrina Romero azkoitiarrak "marrazki eta testu bidez, liburu formatuko zerbait" egitea du helburu; Julen Agirre azpeitiarrak "marrazkia oinarri hartuta paisaia eta arkitekturaren inguruan esperimentatzeko" Malda eta bloke proiektuari jarraipena emango dio; Jone Arriola elgoibartarrak "bikote harremanen inguruko hausnarketa" egingo du Dena asmatua dago film laburraren bitartez; eta Jonathan Escapa azkoitiarrak zeramikaren inguruko proiektu artistiko pertsonala egingo du. Azkenik, Jon Barquin azpeitiarrak herriko musika talde berriei elkarrizketak egin eta potcast-ak sortzea du helburu.
Egonaldiekin, berriz, Eider Beobidek eta Maria Osesek "munduko literatura euskarara ekarri eta musikarekin nahastutako ikuskizun bat" sortuko dute; eta Katixa Goldarazenak "idazkeratik, ekintzatik eta marrazkitik" gauzatuko du bere proiektua. l