370 haur eta gaztek parte hartuko dute datorren astelehenean, ekainaren 27an, hasiko diren Lazkaoko udako kirol ikastaroetan.

Hogei jarduera baino gehiago antolatu dira, besteak beste: kirol anitzak, kirol dantza, patinajea, tenisa, arku tiroa, pilota, piraguismoa, mendiko bizikleta, gimnasia erritmikoa, triatloia, mendiko bizikleta... Tenisa eta piraguismoa izan dira ikastaro eskatuenak. Aurten, berriz, ez da ?futbol ikastaroa eskaini, izan ere, futbol zelaiko belarra aldatzen ari dira.

Udako aisialdi zerbitzua ere antolatu da Lazkaon. 175 haurrek parte hartuko dute eta hainbat esperientzia, tailer eta jolas-jarduerez disfrutatuko dute. Bi txanda egongo dira: 9.00etatik 13.00etara eta 10.00etatik 13.00etara.

Gainera, kultur ikastaroak ere izango dira. Lazkaoko Udaleko Kultura sailak Artea eta gizakia eskulan tailerra antolatu du. Bi txandatan gauzatuko da: ekainaren 27tik uztailaren 8ra eta uztailaren 11tik 22ra. Lehenengo txanda 6-10 urte bitartekoentzat izango da, egunero, arratsaldez, 16.00etatik 18.00etara. Bigarrena, aldiz, uztailaren 11tik 22ra egingo da, 11 urtetik gorakoentzat, 16.00etatik 18.00etara.