Punkaren garaia zen duela 25 urte, eta musika ondo pasatzeko, laneko kontuak albo batera uzteko eta terapiatzat zerabilen Juan Luis Perez Mitxelana Petti (Bera, Nafarroa, 1977) musikariak. Ordu hartan argitaratu zuen bere lehendabiziko diskoa, Amets bat, eta mende laurden igaro da orduz geroztik. Profesionalizatu egin da ikasi ahala, eta ibilbidean zehar ondu dituen hamazazpi kanta barnebildu ditu orain XX ta bortz urte zuzenean diskoan, Etxeko Uzta taldearekin, Elkarren eskutik: Joseba Irazoki, Igor eta Iñigo Telletxea, eta Ruben Caballero izan ditu alboan. Gasteizen aurkeztuko dute diskoa abenduaren 10ean.
Zer aurki daiteke azkeneko diskoan?
25 urte hauetan egin ditugun kantu rockeroenen nahasketa izanen zen diskoa; zuzenean grabatutakoa. Atauneko (Gipuzkoa), Berako (Nafarroa) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) kontzertuak grabatu genituen. Hiruren arteko nahasketa egin behar genuen, baina gehienbat Hondarribikoa gelditu da, bertzeetako kanturen bat ere sartuta dagoen arren.
Etxeko Uzta taldea izan duzu alboan; betiko jendea.
Nire lehenengo diskoaren 25. urteurrena da, eta pixka bat hori zen ai-tzakia diskoa zuzenean egiteko. Bi zuzeneko disko ditut, baina akustikoan eginak, talderik gabe. Hau arantza hori kentzeko aitzakia bat izan da.
Hasieran estudio batean sartzeko asmoa izan arren, zuzenekoaren alde egin duzue; zer dakar zuzeneko batek?
Gehienbat ahotsarekin pentsatzen, bozarekin, eta ikusita gauzak nola dauden Ameriketako Estatu Batuetan, Argentinan eta Palestinan, esaterako, politikoki, ultraeskuinaren kontuak hemen ere duen eraginaz ohartuta, erabaki nuen estudioko lana hurrengorako uztea. Otu zi-tzaidan hobe zela disko indartsu bat egitea, garrasi pixka bat egiteko. Zuzenean egiten duguna diskoan islatzeko garai ezin hobea zela pentsatu nuen, askoz ere indartsuago ateratzen baitira kantuak. Estudioan beti nahi duzu dena hagitz ongi egin, soinua sekulakoa izan, baina zuzenekoaren indarra, zuzenean ateratzen den gar hori galtzen da.
Kantu elektrikoen hautua egin duzu horretarako…
Kantu gehienak dira elektrikoak eta rock-eroenak. Hasieran akustikoren bat gehiago izan behar zuen, baina kentzea erabaki nuen; horrenbestez, goian daude kantu guztiak, ez dago diskoetan normalean egiten den intentsitate aldaketa.
“Rock-and-rollaren esentzia 90 minututan kontzentratuta”. Andres Camio Jitu-ren, Elkar argitaletxeko arduradunaren, hitzak dira; zer du esentzia horrek?
Tira, gero eta gutxiago ikusten dugun kontu bat da. Rock-and-rolla gure adineko jendeak entzuten du gehienbat, eta kontzertuetan ikusten da egoera: 20-25 urterekin kon-tzertu piletara joaten ginen, baina ohitura hori galtzen joan da. Nire ustez, pixka bat galdu dena da lehen gaztetxeetan, hirietako areto txikietan, zegoen giroa; egun, gero eta zailagoa da hiriko aretoetan jo-tzea. Halere, hemen gabiltza ba-tzuk hori mantentzen saiatzen.
Zer moduzkoak dira saiakerak?
Ezin naiz gehiegi kexatu. Azken urteetan nahiko ongi ibili naiz bai taldearekin bai bakarka, eta beste proiektu batzuetan ere banabil; esaterako, Ana Galarragarekin Frankenstein agurgarria daukat.
Spotify ez erabiltzeko hautua egin duzu, Palestinarekin elkartasunez.
Gauzak dauden moduan, nik, behintzat, ezin dut besterik egin: kexatu, antolatzen diren kontuetan parte hartu, eta ahal dudan guztia egin. Garrantzitsutzat jotzen nuen Spotifytik alde egitea, edo, behin-tzat, disko hau hor ez jartzea; izan ere, Spotifyn banago, baina ez dakit nork sartu nauen hor. Hala ere, nik eginez gero, bigarren mailako batek, ongi dago, baina goi mailakoek ez badute egiten, hagitz zaila da zerbait lortzea, entzunaldi gehien dituztenak nabarmendu behar baitira hor. Uler dezaket haiek direla gehien galtzeko dutenak, gehien saltzen baitute, baina hor dago koska: noraino iristeko prest gauden.
Fisikoan, halere, entzun daiteke zure musika.
Binilo bikoitza eta diskoa ditut. Diskoan zuzeneko errepertorio bera dago, zuzenean kontzertua izan zen moduan, baina biniloan aldatu egin genuen, marketin-estrategia kontuengatik. Biniloan norberak jarri behar dituenez kantuak, erabaki genuen ordena hori alda-tzea eta jendeari aukera ematea kantu rockeroenak entzuteko lehenengo eta lasaienak ondoren.
Hurrengo diskoari dagokionez, zerbait aurreratzerik?
Aurreiritziak izena du, eta estudioan grabatutakoa izango da, akustikoagoa. Kantuak maketatuta ditut, eta musikariekin geldi-tzekoa naiz; hala ere, ikusita hauekin [¬Etxeko Uztako taldekideak] agenda nola dagoen, musikari ezberdinak izango ditut alboan seguru aski. Hitzak ere lagun batenak dira, garaia iristean erranen dut norenak, eta sekulakoak dira, bizi dugun mundu aldaketaz hitz egiten baitu gehienbat. Hurrengo negurako prest izanen da diskoa ziur aski.