- Urretxu eta Zumarragako udalen enkarguz, bi herriotako kaleetan euskararen erabileraren neurketa egin zen joan zen udazkenean eta emaitzak asteartean aurkeztu ziren. Datu nagusia oso kezkagarria da, azken 16 urteetan ez bezala egin baitu behera kaleetan entzuten den euskararen batez bestekoak: %22,3tik (2017) %16,4ra (2021). Euskal Herri mailako datuak joan den astean eman zituzten eta %12,3an mantentzea nabarmendu zuten.

Astearteko aurkezpenean, lehenik bi udaletako euskara teknikariek datuak eman zituzten eta ondoren bertaratuei iritzia eskatu zieten aurrera begira zer egin daitekeen aztertzeko. Teknikariek gaztelerak indarra hartu duela nabarmendu zuten. "Euskararen erabilera jaitsi egin da (-%5,9) eta gaztelerarena igo (%5,8). Hortaz, ez da beste erderen eragina".

Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute euskara (+%4,4). 15-24 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabilera %5,4 jaitsi da. 2017an, %17,9koa zen erabilera. Haurren arteko erabilerak ere nabarmen egin du behera: %30,1etik %18,1era jaitsi da 2009tik.

Gazteen erabileran izandako jaitsiera ulertzeko hainbat faktore aztertu ziren: bi herrietako euskara ezagutza eta etxeko hizkun-tzaren eragina. Bertaratutako herritarrek erabileran eragiteko orduan eskolen lana ez dela nahikoa esan zuten. Akordio orokor baten beharra aldarrikatu zuten, gizarte mailakoa.

Horren guztiaren jakitun, udal ordezkariek aurrera begira dituzten erronkak aipatu zituzten: eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz (entrenamenduak euskaraz), lan mundua eta Euskaraldia. Azken honek erabileran eragina duela agerian gelditu da, 2018an eta 2020an Zintzo-Mintzo euskara elkarteak egindako kale neurketetan.