- Astigarragako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak aste honetan hitzaldia eta tailerra antolatu dituzte, Astigarragako hiri biodibertsitatea ezagutzeko. Konkretuki, hegaztiak ezagutu eta ikusi ahalko dituzte, Txoribox ingurumen heziketa proiektuari esker. Ekimen hau beste herri batzuetan ere burutu da.

Honela, asteazkenean, Erribera kulturgunean 19.00etan Zatoz Astigarragako hiri biodibertsitatea ezagutzera! izenburuko hitzaldia programatu da. Herritar orori zuzenduta dago.

Hitzaldi honetan Astigarragako hiri biodibertsitatea ezagutzera eman, identifikatzen ezagutu eta ondarea kontserbatzeko eta babesteko beharraz eta garrantziaz hitz egingo da. Gainera, Andre Gobadarien ibai parkean egindako hegaztien ikerketan lortutako emaitzei buruz hitz egingo da ere.

Proiektuarekin amaitzeko, larunbatean tailer bat burutuko da habia kutxak eraiki eta Andre Gobadarien ibai parkean kokatzeko. Ekintza 10.00etatik 11.30era egingo da ibai parkean eta ume, gazte eta helduek parte har dezakete.

Tailer honetan hegaztientzako habia-kutxak eraiki eta kokatzeaz gain, hegaztientzako etxe hauek hiriko parkeetan duten garrantziaz hitz egingo da eta hauetan habiak egiten dituzten espezie arruntak ere ikusiko dira.

Aranzadi zientzia elkarteak azaldu duenez, "azken urteotan ingura-tzen gaituen natura ezagutu eta hura kontserbatzeko nahia nabariagoa da gure gizartean". Ondorioz, ondare naturala babestu eta zaintzeko interesa eta ardura handitzeaz gain, natura eta aisia uztartzeko bideak gero eta gehiago dira.

"Eremu honetan, hegaztiak heziketa eramaile bikainak dira. Batetik, biologia, geografia, hizkuntzak edo matematika bezalako arloak lan-tzeko aukera ematen dute. Bestetik, naturaren aisian eta gozamenean oinarrituta, hainbat jarrera positibo indartzeko baliagarri dira; hala nola, talde lana, iraunkortasuna, jasankortasuna, natura edo pertsonekiko errespetua edota enpatia", ziurtatu dute Aranzaditik.

Aurretik azaldutakoa kontuan hartuz, Aranzadi zientzia elkarteko Ornitologia sailak hegaztien ezagu-tzarekin lotura duen ingurumen heziketa proiektu hau jarri du abian. Heziketa proiektu honen helburu nagusia gizartea, eta bereziki ikasleak, naturaren eta faunaren ezagu-tza, kontserbazioa eta ikerkuntzaren garrantziaz jabetzea da.