- Herriko 16 puntu desberdinetan garbigune mugikor bat jarriko da, 24 orduz, etxean sortutako hondakin bereziak eta arriskutsuak biltzeko. Zerbitzu berri honen abuztura arteko auzoz auzoko egutegia Hernaniko Udalaren weborrian, sare sozialetan, erremolkearen txasisaren aurreko aldean bertan edota hezitzaileak egunotan kalean banatuko dituen eskuorrietan egongo da eskuragarri.

Hondakinen bilketan atez-ate jaso-tzen ez diren etxeko hondakin bereziak gaika biltzeko balio duen erremolkea da. Herrian barreiatuta dauden minipuntuak, batetik, altzariak, etxe-hondakin handiak jaso-tzeko zerbitzua (943 337 000) eta Ibarluze poligonoan dagoen garbigunea osatzeko helburua du garbigune mugikorrak. Zerbitzu berri hau ezagutarazteko hezitzaile bat egongo da ordu batzuetan garbigunea jartzen den lekuetan bertan.

Garbigune mugikorrak hamar zulo ezberdin ditu eta bertan sartu ahalko dira margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak, aerosolak eta horien ontziak (hutsak nahiz beteak); bolumen txikiko plastikozko ontziak eta buztinezko lorontziak; erradiografiak; tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartagiak, metalezko erretiluak, etab.); material informatikoak; fluoreszente bonbilak; etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko edo elektroniko txikiak; tinta kartutxoak eta tonerrak; apurtutako plastikozko eta egurrezko jostailuak; eta baita berrerabiltzeko jostailu eta jolasak ere.

Udaletik adierazi dutenez, garbigune mugikorrari esker, herritarrek ez dute garbigune tradizionaleraino ibilgailuz desplazatu beharrik izango. Hori bai, erremolkearen konpartimenduan sartzen ez diren hondakinak, handiegiak izanagatik, garbigune tradizionalera eramaten jarraitu beharko dira.