Ongi Etorri Ordiziara

Ongi Etorri Ordiziara Ordiziaren inguruko informazioa jasotzeko eta inklusiorako urratsak emateko informazio saioak dira. Ekimena Ordizia 2030 Ekintza Planeko 1.1 puntuan jasota dago.

Udal Harrera Sarea sendotu; Ordiziara bizitzera etorri berriei edota denbora bat eramaten dutenei harrera gune bat sortzea eta herrian kokatzeko informazioa eskaintzea; eta herriko baliabide, azpiegitura eta dinamiketan murgiltzeko, pertsona bakoitzaren autonomia sustatzea dira informazio saioek helburutzat dituzten puntuak. Horretaz gain, herri dinamikan txertatzen laguntzeko zubi-lanak egiten dira ekimen honen bitartez.

2021 urtean zehar gauzatutako Ongi etorri Ordiziara informazio saioek ekimenaren zortzigarren edizioa osatu dute. Azaroaren 3tik abenduaren 17ra bitartean egin ziren eta guztira hamalau saio izan ziren. Parte-hartzaileek bi ekintzetan parte hartu zuten, guztira 32 ordu osatuz. 28 ordu ingurunea, kultura, baliabideak, azpiegiturak eta zerbitzuen ezagutzara bideratuta egon ziren; beste lau orduak, aldiz, kanpo ekintzetako parte-hartzeetara zuzenduta. Astero bi saio egin ziren, asteazkenetan eta ostiraletan. Ostegunero egiten den Goazen Ordiziara ekimenean ere parte hartu zuten behin.

Zortzigarren edizioan parte hartu duten pertsonei alkateak sinatutako ziurtagiri bat eman zitzaien atzo. Parte-hartze soila ez da nahikoa izan diploma lor-tzeko, ekintzetan %80ko asistentzia izatea ezinbestekoa izan da. Ziurtagiriak informazio saioko edukiak zein izan ziren aditzera ematen du eta bakoitzari eskainitako denbora zenbat izan zen ere adierazten du.

Ordiziako Udalak jakitera eman zuenez, diploma baliagarria izango zaie dagokion erakundean aurkezteko.

Ziurtagiriaz ez ezik, Ordizia Bizi Herria poltsa bana ere irabazi zuten parte-hartzaileek.

Ana Mª Montoya Carpena, Roseline Jacob, Eurice Ogbebor, Kelly Iyasere, Rosario Beatriz Orellana Limaylla, Lawrence Agbamon eta Blessing Osadolor izan ziren atzo aitortuak izan ziren zazpi pertsonak.