- Garoa liburu-dendak mende erdia beteko du laster. Imanol Agirreren amak, Flor Illarramendik, sortu zuen, Londresen ingelesa ikasteko aitzakiarekin egonaldia egin ondoren. Antza, bertako liburu-dendekin liluratuta, Zarautzera itzultzean aitonaren ardotegia liburuen salmentara dedikatzea erabaki zuen. Geroztik, familia hau kulturgintzari estuki lotuta bizi da.

  • NOTICIAS DE GIPUZKOAko egutegia

Amaren itzala luzea da Garoan eta orain zure gidaritzapean dago. Zer dela eta hartu zenuen denda eramateko ardura?-Amaren istorioa nolabait errepikatu nuen. Nire burua aurkitzeko asmoz, Londresera abiatu nintzen eta bertan nengoela ama eta izeba bisitan etorri ziren. Orduan, liburu-denda batean geundela, hantxe liburu artean, beraiekin etxera itzuli eta dendaren kargu egiteko asmoa iragarri nien.

Nola eragin du pandemiak liburuen salmentan?

-Dendan pandemiak eragin du, noski, baina badirudi sektore honetan beti negarrez gaudela, eta ez dugu negar gehiago egingo. Izan ere, asko hitz egin da konfinamenduaren ondorioz Netflix, Amazon eta antzeko plataformen kontsumoaren igoeraz, baina liburuen kontsumoan ere igoera antzeman dugu. Gainera, itxialdiaren ondorioz online salmenta zabaldu genuen, eta kanal hori gure artean gelditu da. Horregatik, eskerrak emateko momentua da.

Teknologiak asko aldatu du gure irakurtzeko era?

-Gaur egun asko hitz egiten da teknologiaren inguruan, baina teknologia ez da gauza berria gizakiaren historian; pergaminoaz geroztik, beste asko etorriko ziren, papiroak, codexak, liburukiak, Gutenbergen inprenta... Liburu elektronikoen ondorioz, irakurtzeko modua nolabait aldatu da, baina garrantzitsuena da irakurtzen jarraitzen dugula. Esango nuke aisialdia disfrutatzeko moduan izan dela aldaketa handiena. Lehen soilik telebista bagenuen ere, orain entretenitzeko aukera izugarri zabala dugu. Ni neu mugikorra eskuan dudala, konturatu orduko, ordubete pasa da eta ez dut ezer egin. Aukerak hain dira ugariak non irakur-tzeko antolatu behar dugun, gure tartetxoak bilatu behar ditugu. Bestalde, hain azkar doan mundu honetan, liburu bat gomendatzeko pertsona batek bi minutu eskaintzen badizkigu eta gure proposamena gustatzen bazaio, berriro etorriko da gure dendara. Hori da gure algoritmoa Amazon bezalako saltzaileek eskaintzen dutenaren kontra.

Garoan, liburuak saltzeaz gainera, beste gauza asko gertatzen dira...

-Guretzat liburu-dendak kultur epizentro izan behar dira eta ekitaldiak egitea garrantzitsua da: poesia-errezitaldiak, liburuen aurkezpenak, kontzertuak... Beti esan dut kulturako gauza ezberdinak liburuetara ekartzea egokia dela. Kontzertu bat antolatzen baduzu, agian, musika gogoko duena liburuetara gertura-tzeko modu bat izan daiteke.

"Amaren istorioa nolabait errepikatu nuen; Londresen nengoela iragarri nion denda nire kargu hartzeko asmoa"

"Liburu-dendak kultur epizentro izan behar dira eta ekitaldiak egitea ezinbestekoa da"