- Dagoeneko erabilgarri dago Irurako Etxezarreta kalean txakurrentzako parke berria, abenduan ireki ondoren. Pertsona eta animalien arteko elkarbizitza hobetzeko borondatearekin atondu du Irurako Udalak espazio berri hau eta ostegunean, urtarrilaren 20an, txakur jabeen-tzako tailerra ere antolatu dute helburu berberarekin.

Txakur jabeek zein gainontzeko herritarrek galdetegi bidez jasotako iritziei erantzuten dio proiektuak. Hala, batetik, animalientzat aproposa den ingurune bat eskaini nahi da eta, bestetik, txakurrek edozein eremutan aske ibiltzeak sortzen dituen ondorioak ekiditea (erasoak, txakur-kakak...).

Era berean, animalien heziketarako saioak antolatuko dira. Helburua lortzeko lagungarri izango delakoan, Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren eskutik ikastaro bat eskainiko zaie jabeei. Ostegunean egingo dute lehenengoa, Etxezarretako parke berrian, 11.00etatik 12.00etara edo 16.30etik 17.30era.

Partaide kopurua mugatua izango denez, aurrez izena eman beharko dute interesatuek (asteazkena baino lehen). Horretarako Udaletxera deitu behar da (943 691 333) edo ingurumena@irura.eus idatzi. Aipatu behar da txakurraren izena, jabearen izen-abizenak eta NAN zenbakia, zein txandatan parte hartuko den, telefono zenbakia eta posta elektronikoa. Ikastaroa doakoa izango da eta txakurrak eta bere jabeak (jabe bakarra) parte hartuko dute.