Síguenos en redes sociales:

Goierriko pilotako Gabon Kopa jokatu zen larunbatean

Goierriko pilotako Gabon Kopa jokatu zen larunbatean

- Gabon Kopa pilota txapelketako finalak jokatu ziren Urretxun larunbatean Goierri kirol elkarteak antolatuta.

Aurrebenjamin mailako B finalean, Goierri klubeko lau pilotarik parte hartu zuten. Arnaizek eta Madinak 16 eta 12 irabazi zieten Murua eta Saralegiri. Benjamin mailako B finala Legazpiko klubeko sei pilotarik jokatu zuten: Eñaut, Ager eta Aiertek 16 eta 1 irabazi zieten Ur, Alai eta Oinatzi. Kimu mailako B finala ere Legazpiko pilotariek jokatu zuten. Suhar eta Markok 16 eta 5 irabazi zieten Egoitz eta Oñatzi.

A finalei dagokienez, aurrebenjamin mailakoa Zumarragako Beloki klubeko lau pilotarik jokatu zuten: Erostarbek eta Retak 16 eta 11 irabazi zieten Ormaetxea eta Anduezari. Benjamin mailako A finala Goierri klubeko lau pilotarik jokatu zuten: Mendizabalek eta Cruzek 16 eta 14 irabazi zieten Chefrad eta Asurabarrenari. Kimu mailako A finalean, Goierri klubeko Garmendiak eta Abarrategik 16 eta 9 irabazi zieten Mantecon eta Mendizabal ezkiotarrei. Bukatzeko, gazte mailako txapelketako finalak jokatu ziren. Txapelketa honetan umetan Goierri klubarekin jokatu eta egun beste talde batzuetan jokatzen duten gazteek parte hartu dute. Finalean, Etxanizek (Azkoitia) eta Izagirrek (Tolosa) 22 eta 9 irabazi zieten Zazpi Iturriko Gorostidi eta Plazaolari.

Abenduaren 18an hasitako txapelketa honetan Zumarraga, Legazpi, Ezkio eta Urretxuko 70 pilotari baino gehiagok hartu dute parte. Berriz ere frontoian elkartu eta pilotaren inguruan lagun berriak egiteko aukera izan dute. Askorentzat frontoian zuriz aritzeko lehenengo aldia izan da eta urduritasunez eta emozioz beteriko egunak izan dira.

Larunbat goizeko finaletan, beti bezala, Urretxuko txistulariek parte hartu zuten: pilotarien aurkezpena doinu ederrez jantzi zuten. Bestalde, saski bat zozkatu zen. 7702 izan da zenbaki saritua. Saskia Etxarri Aranatzera joan da, Jose Mari Igoaren besapean. Goierri kirol elkartearen pilota sailak eskerrak eman nahi dizkie urte osoan zehar pilota eskola laguntzen duten erakunde, babesle, komunikabide, guraso eta norbanako guztiei.