Azpeitiako Udalak bilerak egin ditu Gabonak prestatzeko elkarlanean, ekintza ezberdinak antolatzen dituzten eragileekin. Bilera horietan adostu bezala, hainbat ekintza egingo dira herrian. Hori bai, "denak bizi dugun osasun egoerara egokituta, eta beharrezko neurriak betez".

Bide horretan, Olentzero eta Mari Domingi Azpeitiko haurrak agurtuko dituzte hilaren 24an. Ez dute ohiko bisita egingo. 12.30ean San Martin egoitza aurretik hasita kalejira egingo dute, baina aurtengoan ez dituzte ohi bezala haurrak laguntzaile izango. Kalejiraren ostean, plazan geldiune bat egingo dute. Han Itsasikoen aurreskua, ikastetxe bakoitzeko haurren bertso bat eta musika eskolakoen trikiti doinuen ostean, hitz batzuk egingo dituzte, eta deskantsatzera joango dira. Aurten gutunak eskuz esku jaso beharrean, postontziak utziko dituzte plazan gutunak jasotzeko.

Bestalde, hilaren 27tik 30era bitartean haurrentzako hainbat ekintza egongo dira. Lau egun horietan haurrentzako Gabon parkea izango da. 9.45etik 20.00etara bitartean irekita izango da eta lehen txanda (9.45etik 10.45era) aniztasun funtzionala duten haurrentzako izango da. Ondoren, 11.00, 12.45, 15.00, 16.45 eta 18.30ean izango dira txandak.

Udaletik jakinarazi dutenez, "osasun egoera aintzat hartuta aukeratu dira jolasak, neurriak betetzeko". Txandatik txandara, gainera, aireztatu eta desinfektatu egingo da Izarraizko pilotalekua.

Hilaren 28an, 10-14 urte bitarteko gaztetxoentzat laser konbatea izango da Izarraizko Atea parkean; urtarrilaren 1ean eta 2an eski simuladorea plazan (eguraldi txarra bada Betharramgo frontoian) eta 4an Kantu Kolore ikuskizuna Soreasun.

Urtarrilaren 5ean Errege Magoen etorrera izango da, egoerara egokituta. Hiru erregeak Txu-txu trenean ibiliko dira, 18.30etik aurrera, herriko auzo eta kaleetan zehar eta horren ondoren udaletxera igoko dira herritarrak agurtzeko. Ibilbidean ez dute gozokirik botako, baina ikastetxeetan utziko dituzte.

Ekintzetarako sarrera eta gonbidapenak entradium.eus plataformaren bitartez eskura daitezke.