- Zuzeneko arte eszenikoen sektorea bizitzen ari den egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak diru-laguntza lerro bat bultzatu du aurten ere. Zumarragako Udalak, iaz bezala, zirkuitu horretan parte hartzea erabaki du:? Kantu Kolore taldearen haurrentzako ikuskizuna eta Golden Apple Quartet, Bulego, Ghost Number eta Korrontzi taldeen kontzertuak antolatu ditu, HTK Film enpresarekin lankidetzan. Ekitaldi guztiak Zelai Arizti aretoan izango dira.

Lehen kontzertua Golden Apple Quartet taldearena izango da. Urtarrilaren 7an izango da. 1986an sortutako Donostiako ahots talde ezagun honek Golden Tour 36 ikuskizuna aurkeztuko du Zumarragan.

Urtarrilaren 21ean, Bulego pop taldeak joko du. Talde hau Azkoitian sortu zen, duela urte eta erdi. Xabi bateria-jotzaileak, Tomas gitarra-jotzaile eta abeslariak, Jontxu baxu-jotzaileak, Ruben gitarra-jo-tzaileak eta Itziar teklatu-jotzaileak osatzen dute. Garai batean Passepartout izenarekin jotzen zuten.

Otsailaren 18an Ghost Number taldeak joko du. Donostiako seikote honek 2017an egin zuen debuta. Taldea David Pisabarro banjo-jo-tzaileak, Ander Solabarrieta gitarra-jotzaileak, Jon Ander Burgos tronpeta-jotzaileak, Nacho Fombuena kontrabaxu-jotzaileak, Iñigo Manterola perkusio-jotzaileak eta Arantza Molina biolin-jotzaileak osatzen dute. Duela gutxi Lidia Intsausti eta Karmen Salazar batu zaizkie. 1920ko hamarkadako New Orleanseko jazz banden musika jotzen dute.

Azken kontzertua Korrontzi taldeak egingo du, martxoaren 18an. Aita Mari erreskate ontziaren aldeko lana aurkeztuko dute. Mediterraneoko portuetan jasotako istorioekin eta musikarekin konposatutako kantak joko dituzte.

Kontzertu guztiak 20.15ean hasiko dira. Sarrerek hamar euro balio dute eta dagoeneko salgai daude zelaiarizti.eus webgunean eta aretoko makinan eta leihatilan.

Haurrentzako ikuskizunari dagokionez, martxoaren 5ean izango da, 17.00etan. Kantu Kolore taldeak Peru Krokodiloa ikuskizuna aurkeztuko du, zuzeneko musika eta guzti. Ikuskizun honetarako sarrerak ere salgai daude jada.