Plazida Otaño bertsolariari buruzko ipuin ilustratua kaleratu dute Zizurkilen
- Plazida, oihartzunaren plaza ipuin ilustratua sortu du Zizurkilgo Udalak Plazida Otaño Odriozola bertsolari zizurkildarra bistara ateratzeko asmoz. Oihana Iguaran bertsolari amasarrak jarri dizkio hitzak eta Maria Altuna artista zizurkildarrak egin ditu ilustrazioak.
1867ko otsailaren 18an jaio zen Plazida Otaño. Bertsolaria zen, eta emakumea. Hori dela eta, ez zen eszenatokietara igo, ez zuen plazako saioetan parte hartu, ez zuen bere trebetasuna jendaurrean aurkezteko aukerarik izan. Plazidaren ahotsa plazara ekartzea da gaur aurkezten dugun ipuin ilustratuaren helburua.
Larunbatean liburuaren irakurketa publikoa egingo dute herriko haurrek, Plazida Otaño liburutegian, 11.30ean hasita. Bestalde, hiru ikastetxeen artean egindako Plazidaren eskultura ere bistaratuko dute, liburutegian bertan. Ikastetxe bakoitzak eskulturaren zati bat egin du, eta larunbatean elkartu egingo dituzte, Plazidaren eskultura berezia osatzeko.
Liburuaren mila ale inprimatu dira. Lehen aleak interesa azaltzen duten herriko familiei emango zaizkie, larunbata ondoren. Lehen ale horietan, gainera, bi egileek sinatutako ilustrazio bat jasoko dute opari. Gainerantzean, Gipuzkoako liburutegiek ale bana jasoko dute, Plazidaren figurak zabalkundea izan dezan.
Hortik aurrera, liburua salgai jarriko da hamar eurotan, honako salmenta puntuetan: Plazida Otaño liburutegia, Villabonako Basajaun liburudenda eta Bilboko Anti liburutegia, Durangoko Azokan Bertsozale elkartearen postuan.
Temas
Más en Bertan
-
PNV de Ordizia: “La Haurreskola debe ser pública, gratuita y de calidad; es una oportunidad que no se puede perder"
-
El Ayuntamiento de Elgoibar convoca un concurso-oposición para ocupar cinco vacantes en su plantilla
-
Mendaro da la bienvenida a los nuevos vecinos del municipio
-
Cita con el milenario teatro de sombras en Azkoitia