Astigarragak doako sexu aholkularitza indartu du

Plax! zerbitzuak aurreko ikasturteko aurreikuspenak gainditu ditu

05.10.2021 | 02:06
Arremanitzeko Nerea Sancho, Maider Urbieta Berdintasun teknikaria eta Aintzane Barandiaran zinegotzia.

Astigarraga Astigarragako udal sexu eta bikote aholkularitzak, Plax! zerbitzuak, 2021-2022 ikasturtean berriro ekin dio bere aktibitateari.

Atzo egindako agerraldi batean, Aintzane Barandiaranek, Berdintasun zinegotziak, gogorarazi zuenez, iaz jarri zen martxan lehenengo aldiz doako zerbitzu hau. "Aurreko ikasturtean izandako balorazio positiboa ikusirik eta zerbitzuaren garrantziaz jabeturik, Udalak Plax! zerbitzua sendotu eta egonkortzeko apustu garbia egin du", esan zuen. Beraz, lau urterako kontratua sinatu du Arremanitz enpresarekin.

Aurreko ikasturtean bezala, Astigarragako biztanleen harreman sentimentalei eta helburu erotikoei bidelaguntza profesionala eskainiko zaio, modu konfidentzialean eta doan. Zehazki, sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak hiru ildo nagusi landuko ditu: helduentzako arreta pertsonalizatua, herriko talde eta eragileekin formakuntzak eta tailerrak eta herrian sexuaren eta afektibitatearen inguruko sentsibilizazioa.

Zerbitzua kultur etxe zaharreko bulego batean emango da eta ordutegia erabiltzaileen beharretara egokituko da. Astigarragan Arremani-tzeko Nerea Sancho teknikaria arduratuko da aholkularitzaz.

Sanchok aurreko ikasturteko errepasoa egin zuen. "Aurreko ikasturtea testuinguruan jarri beharra dugu, konfinamendu maila desberdinetan egon ginelako", esan zuen. "Oso urte zaila izan arren, erabiltzaileen balorazio orokorra oso ona izan da eta zerbitzuak eskaintzen dizkien baliabideak asko estimatu dituzte", gaineratu zuen.

Izan ere, iaz erabiltzaile kopuruak aurreikuspenak gainditu zituen: gizon eta emakume helduentzako 62 saio pertsonalizatu eskaini ziren; gazte eta eragileei lau formakuntza eman zitzaizkien; gazteekin hiru tailer antolatu ziren hilekoari buruz, homofobiaren kontrakoa eta sexualitatearen zalantzak argitzeko; emakumeentzako menopausia eta erotismoari buruzko ziklo labur bat ere burutu zen eta azkenik, gurasoen-tzako haurrak eta pornografiari buruzko bi hitzaldi egin ziren.

Sanchok azpimarratu zuenez, oso garrantzitsua da Astigarragako Osasun Zerbitzuarekin (Osakidetza) eta Udaleko Berdintasun sailarekin elkarlanean jarraitzea.

Gainera, gaztelekuarekin eta Emakumeen Etxearekin harreman estua dute eta horrek Plax! zerbitzua herrian sustraitzeko eta egonkor-tzeko garrantzitsua da.

"Horrelako zerbitzuak orain arte arlo pribatuan eskaintzen ziren, batez ere. Eta beraz, jendartearen zati handi batek uko egin behar izaten zion horrelako aholkularitzari, arrazoi ekonomikoak zirela eta", adierazi zuen zinegotziak. "Udalaren ustez, sexua eta afektibitatea osasunaren parte garrantzitsua da eta instituzioek horrelako zerbitzu profesionalak bere herritarrei doan eskaintzea ezinbestekoa da", goraipatu zuen Barandiaranek.

Aholkularitza behar dutenek, aldez aurretik hitzordua eska dezakete 656 544 606 telefonora deituta edo wasap bat bidaliz.

Urnieta bilera Bestalde, Urnietako Udala, Berdintasun sailaren bitartez, Berdintasunerako III. Plana lan- tzen ari da duela hilabete batzuetatik. Herritarrei proposamena gaur arratsaldean erakustekoa zen, baina hitzordua urriaren 18ra atzeratu da. Ordua eta lekua mantenduko dira, ordea. Beraz, saioa Lekaio kultur etxean izango da 18.00etatik 20.00etara.

Aurkezpenean parte hartzeko ezinbestekoa izango da berdintasuna@urnieta.eus helbide elektronikora idaztea. Horretarako azken eguna urriaren 13a izango da. Udalak herritarrak animatzen ditu saioan parte hartzera.

Saio profesionalak kultur etxe zaharreko bulego batean eskaintzen dira eta konfidentzialtasuna ziurtatzen da


noticias de noticiasdegipuzkoa