errilur izeneko elikadura kontsumo talde berri bat sortu da duela hilabete bat Hernanin. Egitasmo hau, lehen sektorearen gainbeherak eta elikadura menpekotasunak eragiten duten kezketatik abiatuta dago, elikadura burujabetzan oinarrituta, batik bat.

Herritar talde bat martxoan hasi zen biltzen, esan bezala, elikadura burujabetzan oinarritutako kontsumo eredu baten alde lan egiteko. Orduan Hernanin ere sortu berri zen Henase ekoizle elkartearekin batera harremanetan jarri ziren. Gaur egun, zazpi ekoizle eta zazpi herritar kontsumo taldean dira.

Honela, Herrilurrek eta Henasek bakoitzaren beharrak asetzen dituzte. Izan ere, Henase elkartean baserritar ugari daude, eta zailtasunak izan ohi dituzte ekoizten dituzten barazkiak, haragiak edo esnekiak merkaturatzeko.

Beste aldean, herritarrek bertako eta kalitatezko produktuak non eros ditzaketen ez dute jakiten. Hutsune hau betzera dator Herrilur. Gainera, bertako produktuak bitartekaririk gabe merkaturatzen direnez, hauek prezio duinagoetan saltzeko aukera dago.

Honenbestez, elikaduraren balio kate osoa, etenik gabe, herrian bertan garatzea da Herrilurren helburua; hau da, Hernanin bertan ekoi-tzi, eraldatu, banatu eta kontsumi-tzea da lortu nahi dena.

Elikadura oinarrizko behar izana dela defendatzen dute Herrilurreko taldekideek, eta horregatik hau modu egokian asetzeko gaitasuna garatu nahi dutela azpimarratu dute. Izan ere, elikagai ez osasun-tsuek eragiten dituzten osasun arazo larrien aurrean beste planteamendu eta alternatiba batzuk eskaini nahi dituzte. "Egunetik egunera okertzen ari zaigun ingurumenari arnasa eman, esku hartze ekologikoak bultzatuz eta burujabetzarako bidean, urrutiko ekoizpen egiturarekiko eta elite ekonomikoekiko menpekotasunari aurre eginez" eramango dute aurrera bere proiektua.

Bide horretatik, beharrezkoa dute komunitatea "indartzea eta ahalik eta jendetsuena izatea". Hori kontutan izanik, herritarrei egitasmoa aurkeztu eta Herrilur elkarteko kideak batzeko asmoarekin, ekainean bi hitzaldi eskaini zituzten. Lehen hitzaldia Jakoba Errekondoren eskutik izan zen eta bertako, sasoiko eta ekologikoak diren produktuak kontsumitzearen garran-tzia azaldu zuen. Bigarren hitzaldia, berriz, Oarsoaldeko Labore eta Igeldoko IKO esperientzien kontakizunak izan ziren.

Pedagogia

Herrilurkide berriak

Gaur egun ostegunetako azokan edo Behemendi elkarteak antola-tzen dituen azoka berezietan mahaitxo bat jartzen dute herritarrei informazioa emateko. Jendea erakartzeko gakoa kontzientziazioa dela diote: "Pedagogia oso garran-tzitsua da. Nahi dugu jendeak begirada irekitzea, ikustea, gelditzea eta hausnartzea".

Elkarteko kide izateko, edo informazioa jasotzeko, info@herrilur.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Urteko bazkide kuota 60 eurokoa da eta 30 euroko bi kuotatan ordaintzen da.

Baina Herrilur laguntzeko ere beste bide batzuk daude: proposamenak eta ekarpenak eginez, Herrilurrek antolatzen dituen ekintzetan parte hartuz edo proiektua susta-tzen lagunduz, ekoizleen salmenta guneetan erosiz. Emango diren aurrerapausoen berri emateko asmoz zabaldu du Herrilurrek Facebook gune bat.

Egitasmoaren emaitza oraindik definitzeko dagoen komertzio batean islatzea da asmoa, non herriko lehenengo sektorekoen produktuen salerosketa bermatuko den. Hortaz, ekoizleek eta kontsumitzaileek proiektu hau herrira zabaltzeko unea iritsi dela adierazi dute.