- Naturaz, historiaz, kiroletaz edo kulturaz gozatu ahal izateko Aste Santuan eskualdean egiteko plan mordoa prestatu du Beterri-Buruntzako turismo arloak. Sagardoa eta haren kultura dute ardatz plan horietako batzuk.

Hasteko, Astigarragako Sagardoetxearen museoa egunero egongo da zabalik, goiz eta arratsaldez, igandetan izan ezik goizez bakarrik irekita dagoelako. Apirilaren 5ean ere, goizez bakarrik eskainiko dituzte bisitak.

Gainera, apirilaren 11 arte, museoko ohiko bisita gidatua eta sagardo, muztio eta likore dastaketaz gain, Sagardoetxeak Euskal Herriko gazta ezberdinen dastaketa eskainiko du: Idiazabal J.I. gazta, Iraty J.I gazta eta Roncal J.I. gazta. Sagardoetxeako bisitaren ostean, jardunaldia sagardotegiko otorduarekin osatzeko aukera izango da.

Bestalde, Sagardoetxeak plan bereziak ere prestatu ditu: inguru naturaletan paseatzea, sagardotegi eta jatetxeetako otorduak, sagardo eta pintxo dastaketak eta tourrak bizikleta elektrikoetan.

Museoko bisitaz edo proposatutako plan batetaz gozatu ahal izateko 943 550 575 telefonora deitu behar da, aurrez hitzordua hartzeko.

Sagardoaren kulturaz gozatzeko beste aukera bat Hernaniko sagardotegiek eskaintzen dute. Honela, martxoan eta apirilean bisita interpretatuak eta sagardo dastaketa prestatu dituzte. Zelaiak sagardotegiaren eta artearen arteko lotura kontatuko du apirilaren 4an eta Iparragirrek 500 urte baino gehiagoko historia aztertuko du apirilaren 17an.

Sagardoaz gain, Hernanin Aste Santuan bisita gidatuak hirigune historikoan antolatu dituzte. Bisitan zehar, hirigune historikoa oinez zeharkatzen da, gidaren azalpenek Erdi Arora eramango dituzte bisitariak: armarriak, dorretxeak, garaiko gizartearen berezitasunak... Izan ere, Hernaniko hirigune historikoa monumentu-multzo izendatu dute.

Bisita gidatuak bihar eta larunbatean eta igandetan egin daitezke 11.30etik aurrera. Bisitak ordu eta laurdeneko iraupena du eta haurrekin egiteko aproposa da.

Bisita doakoa da, baina plaza erreserbatzea gomendatzen da (943 337 028 edo turismoa@hernani.eus).

Azkenik, informazio turistikoko gunea ipiniko dute Zinkoenea plazan. Bihar eta larunbatetan goizez eta arratsaldez zabalik egongo da, baina igandetan 11.00etatik 15.00etara soilik zabalduko da.