Emakumeak Azpeitiko danborradan lehen aldiz danborra jotzen irten zirenetik 40 urte bete dira urten eta urteurren hori aintzat hartuta Udalak (danborradako taldeekin adostuta) gai horren inguruko dokumentala egiteari ekin zion orain dela urtebete. Paola Motok hartu zuen Alaitz Olaizolak idatzitako gidoian oinarritutako ikus-entzunezkoa zuzentzeko ardura eta egindako lanaren fruitua atzo aurkeztu zuten Soreasu antzokian.
Pandemia dela eta, Amamaren danborra izeneko dokumentalaren estreinaldia edukiera mugatuarekin egin behar izan zen baina aretoan izateko aukera izan zutenek (protagonistak eta herriko eragile eta danborradako ordezkariak) ondo disfrutatu zuten emanaldiarekin.
Izan ere, ikus-entzunezkoa aurkeztu aurretik 40 emakume (30 helduen danborradako talde guztiak ordezkatuz eta hamar umeen danborradako konpainien ordezkari gisa) pieza bat (San Sebastian Martxa) jotzen aritu ziren eta ekitaldiaren amaieran antzokian zeuden ikusleek beste bi pieza (Agurra eta Goizeko Izarra) jo zituzten, eserlekuetan zeuden danborrak eta txapal erabiliz.
Ekitaldi osoa (aurkezpena eta dokumentalaren emanaldia) zuzenean jarraitu ahal izan zen Erlo telebistan eta Udalaren webgunearen bitartez. Hala ere, Soreasuko pantaila handian ikusteko gogoa duten herritarrek gaur (12.00, 16.00 eta 19.00etan), hilaren 23an (19.00etan) eta 25ean (19.00etan) izango dute aukera. Emanaldi horietarako gonbidapenak Udalaren eta Kulturaz-en webgunetan edota Sanagustin kulturgunean eskura daitezke.
Ikus-entzunezkoak danborradaren parte diren edo izan diren belaunaldietako 22 herritarren (gizonak eta emakumeak) testigantzak jasotzen ditu, baina Paola Moto zuzendariaren hitzetan, egindakoa "emakume guztiei eskertzeko eta herri osoari eskaintzeko" lana da.