Pandemiak oso baldintzatuta, baina Olentzero badator gurera! Herriz herri egoera desberdina da, eta modu desberdinean agertuko dira gaztetxoen aurrean Ikazkina eta Mari Domingi. Honatx egun osoan zehar ez galtzeko gida laburra:

Donostia

  • Donostia. 13.00etatik 15.00etara autoan zeharkatuko dute hiria. Antzoki Zaharrean ere egongo dira, beste hiru saio eskainiz.

Bidasoa

  • Hondarribia. Olentzero eta Mari Domingiri gutuna Internetez bidaltzeko aukera dago oraindik webgunean.
  • Irun. Olentzerok mezu birtuala eskainiko du 20.30ean Irungo Udalaren kanalean.

Oarsoaldea

  • Errenteria. Mari Domingiren laguntzarekin, asteazken eta ostegun honetan, Merkatuzarren eta Fanderia eta Beraungo frontoietan elkartuko da Olentzero banan-banan aldez aurretik hitzordua hartu duten haurrekin. Gainera bideoa, gutuna eta mezu elektronikoa bidaltzeko aukera dute txikiek webgunean.
  • Pasaia. Internetez baliatuko dira haurrak agurtzeko. Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek bideo bat argitaratu dute Udalaren webgunean.
  • Lezo. Haurrak etxeko balkoietara 20.00ak inguruan ateratzeko deia zabaldu dute.
  • Oiartzun. Olentzerok eta Mari Domingik mezu bat grabatu dute eta youtuben zintzilikatu dute Oiartzungo Olentzeroren Laguntzaileen kanalean.

Buruntzaldea

  • Lasarte-Oria. 10.00etatik 12.00etara harrera egingo die aldez aurreko hitzordua hartu duten haurrei herriko hainbat auzotan eta 13.00etan ekitaldia izango da Olentzerorekin eta Mari Domingirekin.
  • Hernani. Ttarla dantza taldeak antolatuta, Atsegindegin Olentzero eta Mari Domingi egongo dira goiz eta arratsaldez hitzordua duten umeen gutunak jaso eta opariak emateko.
  • Usurbil. 18.00etan Aginagan hasita, herriko auzo desberdinak bisitatuko ditu kamioi batean igota.
  • Astigarraga. Olentzerok eta Mari Domingik hiru txanda egingo dituzte haurrekin, 10.00etan, 11.30ean eta 12.30ean. Txomiñenean pilotalekuan egingo da.
  • Andoain. Olentzerori eta Mari Domingiri gutuna bidaltzeko aukera egongo da gaur oraindik, 10.00etatik 14.00etara. Hiru postontzi daude: udaletxe aurrean, Basteroko plazatxoan eta Zumea plazan.

Tolosaldea

  • Tolosa. 12.00etatik 20.00etara antolatu diren txandetan (denera 2.240 pertsona) Olentzerok eta Mari Domingik haurrak jasoko dituzte (agurtu eta eskutitzak eman) Gure Zirkuan.
  • Alegia. Harrera egingo zaie udaletxeko sarreran, 17.30etik 19.00etara (eskutitza utzi nahi dutenek, antolakuntzak ezarritako segurtasun neurriak errespetatuz egin beharko dute ilara).
  • Lizartza. Olentzaro Bidea egingo da, 16.30etik 18.00etara (baserritarrez jantzita eta linternarekin).
  • Anoeta. Olentzero eta Mari Domingiri harrera, 17.00etan, frontoian.
  • Irura. Kalejira etxeetatik jarraitzea eskatu dute, pilaketak ekiditeko. Etxeetan banatuko zaizkie goxoki poltsak 10 urte arteko haurrei.

Goierri

  • Beasain. Igartzako Burdinolan egongo dira gaur Olentzero eta Mari Domingi, 11.30etik 13.30era, eta 15.30etik 17.30era. Gutunak eta txupetea jasotzeko otarrak jarriko dituzte.
  • Idiazabal. Olentzero eta Mari Domingi 20.00etatik 21.00etara herriko kaleetatik ibiliko dira: Kale Nagusia, Zepai kalea, Gurutze Berri eta Zigor Kalea. Haur eta herritar guztiei etxeko balkoietatik agurtzeko eskaera berezia egin diete.
  • Itsasondo. Abenduaren 26an, larunbatean, 10.00etan plazatik aterata Olentzero eta Mari Domingik orientazio bidea egingo dute.
  • Ordizia. Gaur 11.00etan eta 12.30ean, Plaza Nagusira Olentzero eta Mari Domingi gerturatuko dira Galtzagorriekin batera. Gutunak jasoko dituzte bertan.
  • Segura. Gaur 18.00etan, Olentzero eta Mari Domingiriren etorrera, frontoi zaharrean (euria bada Baratze pilotalekuan).
  • Zegama. 17.00etan eta 19.00etan, Aitxuri eskolako patiora gerturatuko dira Olentzero eta Mari Domingi.

Urola Garaia

  • Urretxu eta Zumarraga. Bi-Tartean merkatari elkarteak Olentzero erraldoi bat jarri du Areizaga-Kalebarren plazan. Ondoan zaku bat du, gutunak sartzeko.
  • Legazpi. Olentzero eta Mari Domingi Agirre-Etxeberriko atzeko sarreran egongo dira (Santikutz kalera eman duen sarreran) 11.00etatik 13.00etara. Haurrek gutunak uzteko aukera edukiko dute.

Urola Erdia

  • Azkoitia. Olentzero eta Mari Domingi auzoz auzo eta kalez kale ibiliko dira herriko umeak agurtzeko, 10.30etik aurrera, sorpresa emanez. Jende pilaketak saihesteko ez dute Parrokia aurrean umeekin egoteko aukerarik izango aurreko urteetan bezala.
  • Azpeitia. Gaur herrian ikusteko aukerarik ez bada izango ere, Udalaren bidez herriko haurrentzat mezu bat bidaltzekotan gelditu dira Olentzero eta Mari Domingi.
  • Zestoa. Bideoa grabatu eta zabaldu dute herriko gazteentzat, danbolin.eus helbidean.

Urola Kosta

  • Zarautz. Olentzerori gutuna bidaltzeko postontzia dago Santuiturri plazan.
  • Orio. Olentzerok otarrak jarri ditu herrian gutunak jasotzeko eta bideo bat ere zabaldu du sare sozialen bidez.
  • Getaria. Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo zaie Elkanoren monumentuan, adinaren arabera banatutako 25 pertsona inguruko taldeetan.
  • Zumaia. Haurrei zuzendutako agurra 12.00etan baleike.eus helbidean.

Debagoiena

  • Arrasate. Gaur arratsaldean herriko kaleetatik ibiliko da Olentzero, baina jendetzak saihesteko, ez du abisatuko non egongo den. 20.00etan, zerua argituko du Olentzerok.
  • Bergara. Eskutitza bidali diete gaztetxoei eta bideo bat ere zabaldu dute bergarar gazteentzako.
  • Oñati. Ikazkina eta Mari Domingi sare sozialetan zabaldutako bideoetan agertzen dira.
  • Aretxabaleta. Gutuna bidali zaie umeei ikazkinak bidalitako mezua ikus dezaten.
  • Eskoriatza. Bisitarik ez da egongo, baina erakusketa jarri dute egun hauetan ikazkina eta euskal mitologiako beste pertsonaiekin.
  • Antzuola. Errekalde auzotik kamioi batean abiatuta, auzoz auzo joango dira herriko haurrei bisita egiteko asmoz; 9.30 aldera abiatuko dute ibilbidea. Udalak balkoietan egoteko eta atzetik ez joateko eskatu du.

Debabarrena

  • Soraluze. Olentzero eta Mari Domingi 10.00etatik 14.00etara izango dira kiroldegian, adinaren arabera ordu zehatz batean joan beharko dute: 10.00etan, LH 4, 5 eta 6; 10.45ean, LH 2 eta 3; 11.30ean, HH 3 eta 4; 12.15ean, LH 1 eta HH 5; 13.00etan, 0-2 urteko umeak.
  • Elgoibar. Gaur da eskutitzak jaso eta erantzuteko azken eguna.
  • Deba. Kalejirarik ez, baina sare sozialetatik mezua bidaliko dute Olentzerok eta Mari Domingik, Zuhatza euskara elkarteak, Goaz antzerki taldeak eta Guraso elkarteek antolatuta.
  • Mutriku. Saturran Guraso Elkartea, Samielako Guraso Elkartea, Samiela Ikastetxea, Goizeko Izarra Ikastola eta Mutrikuko Udalak antolatuta, Olentzero eta Mari Domingiren etxearekin konektatuko dira umeak egunean zehar.
  • Eibar. Olentzerori harrera egingo diote udaletxean 11.00etatik 14.00etara, aurrez ordua hartuta dutenentzat. Bideoak ere zabaldu ditu ikazkinak Eibarren.
  • Mendaro. Olentzerok eta Mari Domingik mendarotarrei agur egin diete bideo baten bitartez, webean eta sare sozialetan zabalduta. Gaur herrira bertaratuko badira ere, ez da ohiko kalejirarik egingo. Baina ekitaldiak izango dira, beti, segurtasun neurri oro bermatuz.