- Kulturabirusa zikloak uztailean bezala, abuztuan ere kulturaz gozatzeko aukera eskainiko du Oiartzunen, Udaleko Kultura sailak eta herriko eragileek elkarlanean antolatu duten programazioari esker.

Ekimen hau herriko sortzaileei eta kultur eragileei plaza emateko asmoz sustatu du Oiartzungo Udalak, baita herritarrek ere kultur ekimenez gozatzeko aukera izan dezaten, osasun segurtasun neurri guztiak bermatuta.

Herrigunetik auzoetara Kulturabirusa hedatzeko saiakera egin du Udalak eta auzotarrek eskertu dute auzoak ez ahaztea eta udan pizgarria ematea. “Orain arteko ekintzetara hurbildu diren oiartzuarrei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, eta udaz zein kulturaz gozatzen jarrai-tzera animatu”, adierazi zuten egitarauaren aurkezpenean udal agintariek.

Bestalde, aipatu zutenez, abuztuan antolatutako ekintzetako batzuek aforoa izango dute, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoerarengatik hartu behar izan diren osasun neurriak bermatzeko.

Hori dela eta, aldez aurretik jaso beharko dira txartelak Oiartzungo Turismo Bulegoan, dohainik. Pertsona bakoitzak gehienez ekintza bakoitzeko bi txartel hartu ahal izango ditu.Fermiñene etxeko lehenengo solairuan dagoen bulegoaren ordutegia, hau da: astelehenetik igandera, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Dagoeneko hiru ekitaldi burutu dira, baina oraindik zer gozatuaz egongo da herrian. Gaur, esaterako, egun osoan zehar Erronka birtualak ikusteko aukera egongo da Biyurrienearen sare sozialetan.

Egitarauak etenaldi txiki bat izango du abuztuaren 13ra arte. Egun horretan, 18.00etan, elikadura tailerra antolatu da Arizmendi lorategian. Aforoa 30 pertsonetara mugatua egongo da. Ikastaro hau eguraldi txarrarekin udaletxeko areto nagusian egingo da.

Abuztuaren 15ean, egun osoan zehar, herritarrek kontrabandistak bailiran, altxorraren bila ibiliko dira Mugalayan kontuk taldearen eskutik. Gehienez, 78 pertsonak parte har dezakete jolasean.

Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, bertso saioa egongo da 12.00etatik aurrera Alaia Martin eta Andoni Egañarekin Karrikako frontoian. Eguraldi txarrarekin emanaldia udaletxeko areto nagusira lekualdatuko da. Aforoa 50 pertsonara mugatu da.

Abuztuaren 27an 17.00etan emakumeei zuzendutako bizikleten mantenu tailerra antolatu da, Haur-tzaro ikastolako frontoian. Aforoa 30 pertsonakoa da.

Hurrengo egunean, 19.30ean Suo Gan-en kontzertua egongo da Arizmendi lorategian. Eguraldi txarrarekin: udaletxeko areto nagusian burutuko litzateke. Gehienez 50 pertsonentzako lekua dago.

Azkenik, abuztuaren 29an, egun osoan zehar Baga, biga, liga! finala jokatuko da Beheko plazan. Gehienez, 78 pertsonak parte har dezakete jolasean.

Oiartzungo Udalak gogorazi du, abuztuan ere tren berdea eta meazuloko sarrera prezio berezian eskainiko direla.

Irteerak asteazkenetan egingo dira eta bi txanda (10.00etan eta 11.15ean) eskainiko dira, Oiartzungo Done Eztebe plazatik abiatuta.