"15 urteko enbata, gora Donostia Pirata!". Hori da aurtengo Donostiako Piraten leloa. Gezurra dirudien arren, jada 15 urte dira lehenengo aldiz Donostiako Aste Nagusiaren jai alternatibo hau antolatu zela. Hasiera batean 50 bat lagun izan arren, gaur egun 4000 partaide inguru ditu mugimendu honek. Urtez urte indar handia hartzen joan da eta bere ekintza adierazgarriena, abordatzea hain zuzen, Aste Nagusiko jaien programa ofizialean argitaratzera iritsi da, jaietako ardatz bilakatu delarik.

Gaur bertan iritsiko dira portura Ezkila kapitaina eta Matti. Eta hantxe izango dira kofradia guztiak haien zain ongietorria egiteko, bakoitzak bere nortasuna aldarrikatuz. Aurten hamabi izango dira guztira. Iazkoez gain (Aingura, Eskandalosa, Eskifaia, Jaranero, Kalepoza, Pirata Bihurriak, Sardiñerak, Traganarrua eta Ubarroia), aurtengoan bi kofradia berri gehitu dira: Kantauri eta Xelebreak, jai herrikoi, parte-hartzaile, aska-tzaile eta euskalduna ospatzeko asmoarekin.

Urtero bezala, kofradia horietako bakoitza bere auzoan elkartuko da festari hasiera eman baino lehen eta kalejira erraldoi batean denak batera La Flamenkara abiatuko dira. Kofradiak, behin kaian daudela, irrika handiz Ezkilaren etorreraren zain geratuko dira. Kapitaina, begian partxea eta buruan zapi beltza dituena, bere gotorlekutik irten, Santa Klara uhartetik, eta itsasontziz porturantz abiatuko da bere laguntzaile Mattirekin batera. Iristean, betiko ongietorria egingo zaie eta 19.30 puntuan Aste Nagusi Piratari hasiera ematen dion txupina botako dute.

Behin festa hasi dela, bihar erromeriaren txanda izango da. Trikitilarien konpainiarekin, Alde Zaharretik abiatu eta Urgull mendiraino igoko dira piratak. Bertan txiki, gazte, zein helduei zuzendutako jarduerak izango dira: jolasak, karaokea, antzezlanak... Bitartean musika ez da geldituko eta animatzen direnek bazkari herrikoiaz gozatzeko aukera izango dute.

ABORDATZEA Astelehenean egun handia dator, Aste Nagusi Pirataren oinarrietako bat. Abordatzeak gazteen artean duen arrakasta sekulakoa da eta horregatik bihurtu da jai hauen ardatz; urteak pasa ahala gero eta jende gehiago animatzen da. Aurten ere parte hartze kopuruak etenik gabe gora egin duela kontutan izanik, eta guztiak batera kaitik irteteko ezintasunarengatik, txanden banaketa egin da ontzi bakoitzaren irteerarako ordutegia zehazteko. Betiko legez, goizean goiz hasiko dira gazteak baltsak muntatzen eta arratsaldeko bostetan emango zaio hasiera.

Pirata horiek guztiak Kontxako hondartzara heldu ostean, asteartean Zurriola izango da protagonista. Ubarroiak, Pirata Bihurriak eta Eskandalosaren eskutik, Piratak Hondartzan ekitaldia antolatuko da haur eta familientzako jolas ugarirekin. Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, urteroko Sardiñerria ospatuko da Guardetxean. Sardiñerak kofradia feministaren ardura izango da asteazken gaua girotzea, mozorro eta guztiekin.

HAURREN EGUNA Pirata Bihurriek, haur eta gaztetxoen kofradiak, abordatze txikia egingo dute portuko arrapalan arratsaldeko 17.00etan. Gero eta oihartzun eta arrakasta handiagoa du jarduera honek. Abordatze handiaren antzera, haur zein gurasoentzako hitzordu handian bilakatu da azken urteetan. Horrela, etxeko txikiek ere badute egun batez pirata izateko aukera. Horrez gain, egun guztian zehar umeen gozamenerako hainbat ekintza prestatu dira. Modu honetan, ez dute aspertzeko unerik izango, baina leher eginda amaituko dutela ziurtatuta dago.

Ostirala beste kontu bat izango da, Ubarroiak nobedade bat gehitu baitu bere kartelean. Lehen aldiz, San Sebastian eguna izango balitz bezala, danborrada pirata egingo da Aste Nagusi honetan. 20.00etan La Flamenka gunean hasi eta Groseraino iritsiko da. Ondoren, gaueko 22.00etan, erromeria izango da Trinitate plazan, Xelebreak kofradiaren eskutik.

Hurrengo egunean, abuztuaren 19an, egun guztian zehar izango da zerbait egiteko. Hasteko, goizeko 11.00etan Bizikrossa antolatu du Kalepozak La Flamenkan. Arratsaldeko 18.00etan, berriz, Mexikortxo Band-ek kontzertua eskainiko du Lasta gunean. Eta amaitzeko, 4.00etan, gaueko jolasak egingo dira Eskifaia gazte kofradiaren eskutik.

Azken eguna Irrikitaldiaren eguna da, ironiaz beteriko festa amaiera. Aste Nagusia dagoeneko bukatu denean, Piratek azken agurra eman ohi dute igandean desfile bitxi honekin. Mozorroak jantzita, Donostiako Belle Epoquearen parodia bat egiten da, Boulevardeko erlojutik hasi eta Parte Zaharrean barrena. Izaera kritiko eta ironikoa, baina beti jai giroan eta umorea galdu gabe, donostiarrak zein turistak entretenituko dituena. Aste Nagusi Piratari agur esateko era paregabea.