ibarra - Suziri jaurtiketarekin abiatu zituzten San Bartolome jaiak atzo baita Ibarran ere. Kasu honetan, Lauburu kirol elkartearen eta Ibarrako kirol elkartearen lana izan zen hori eta suziriaren ondoren Bartola eta Bartolo jaitsi zituzten plazaraino. Ibarrako, Zizurkilgo eta Villabonako erraldoiek eta buruhandiek ere eman zieten ongietorria, ehunka herritarrekin eta kuadrillekin batera, kalejiran.
Patroiaren eguna gaur dela eta festetako egun handia izateaz gain, kolorez eta usainez beteko dute plaza: piparren berdea eta tomateen gorria nahastuko dira postuetan eta baita bertaratzen direnen eztarri eta urdailetan ere. Herriko baratzezainek, Zubelzu Piparrak etxeak, Ibarlur Piparra Kooperatibak eta Txumitxak eskaini eta zerbitzatuko dituzte, ohi bezala, 12.00etatik aurrera, haurren danborradaren ondoren hain justu. - N.G.