Donostia. Zer suposatu du zure-tzat irakasle lanak utzi eta Donostiako Udalean hastea?

Utzi behar izan dut 29 urtetan egiten jardun naizen lan bat, lotura duena gaur egun egitea tokatuko zaidanarekin. Betidanik ibili naiz murgilduta euskaldun giroan eta kultur munduan. Batetik, ikastolak berak eman dizkidan aukerengatik, eta, bestetik, auzo mailan ere parte hartu dut bertako euskara eta kultur taldean hainbat ekimen antolatzen. Orain askoz lan gehiago daukat eta askoz ordu gehiagoz egin behar dut lan.

Nola hartu duzu Donostia Europako Kultur Hiriburua izateko erabakia?

Arduraz. Erronka oso polita izan liteke, baina lan handia dago egiteko. Ondorengo egunetan bilerak egin beharko dira. Eta azken aste hauetan esan duguna ikusi beharko da nola txertatzen dugun, guk nahi dugun Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016an izatea, Donostiako hizkuntzak, euskarak, eta bertako euskal kulturak eta kultura herrikoiak nolabait toki bat eduki dezan hartan. Donostiarren partaidetza beharrezkoa da. Eszenatoki berri batean gaude, bakearen bidean, eta uste dugu atzokoa -herenegungoagati- urrats bat izan daitekeela normalkuntza demokratikorako.

Bildu oso kritiko agertu zen hautagaitzarekin, hau euskararen "kontrakoa" zelako. Proiektu hori aldatu edo osatuko duzue?

Euskara eta euskal kultura kontuan ez hartzea aurreko legealdikoen lan egiteko modua zen. Ez dugu Donostia ikusten euskara, euskal kultura eta kultura herrikoirik gabe. Donostia Euskal Herria dela eta hizkuntza bat duela, hori da Europan eta munduan zabaldu ahal izango duguna.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Donostian?

Euskal Herriko hiriburuen artean erreferentzia bat izan da dagoeneko. Ez dago gaizki, baina oraindik aurrera egin behar da. Behar bada, utzikeria handia egon da gobernatu dutenen aldetik, ez dutelako eguneroko tresnatzat hartu modu naturalean. Ez gatoz ezer ezartzea. Gure arteko komunikazioa bileretan euskaraz da. Euskara Udalean eta Donostian normaldu egin behar da, hor dugu lana. Horretarako, azter-tzen ari gara Euskara Patronatutik. Ezagutzen ari gara euskara laneko tresna izateko zer baliabide beharko ditugun. Beste asmo bat dugu: nahiko genuke Euskararen Patronatua Udalera bihurtu. Administratiboki Udalean sartu. Modu horretan, departamentu guztietan euskara bera ezarrita egongo litzateke.

Lanabesik pentsatuta duzue euskara bultzatzeko?

Gobernu Batzordetako bilerak euskaraz dira eta idazkariak jaso-tzen dituen aktak euskaraz dira. Lehen gaztelaniaz egiten ziren bilerak eta aktak gaztelaniaz jasotzen ziren. Egunerokoan ere, ez zegoen, gehienetan behintzat, euskaraz hitz egiteko ohiturarik. Konturatzen ari gara hainbat langilek eskertu egiten dutela euskaraz hitz egin ahal izatea.

Bilduren programak dio alkatearen konpetentzia zuzena izan behar dela Euskara arloa. Azkenik, ordezkari batek egingo du lan hori.

Ez zenuten ondo ulertu. Ni naiz Euskara delegatua. Esaten genuenean alkatea izango zela Euskara kudeatzailea, esan nahi genuen Euskara Patronatua administratiboki Udalean sartzen genuen momentuan, Alkatetza izango zela horren lehendakaria.

Nola ikusten duzu hiriko kultura?

Donostian kultura badago. Kultura herrikoia badago eta baita ere kultura nahiko ponpoxoa, hitz bat erabiltzeagatik. Kultura herrikoiari muga eta oztopo asko jarri zaizkio, orain arte, eta gehienbat kanpora begirakoa sustatu da. Hori aldatu nahiko genuke. Joan zen ostiralean, udalbatza aretoan, alkateak deituta, Donostiako hainbat eragileri harrera egin zitzaien. Horrez gero, ni neu bildu naiz Donostiako jai batzordearekin. Gure kultura egiteko modua izango da: ikusi herrian eta auzoetan zer den egin nahi dena, eta hori bideratzen saiatu.

Aste Nagusiko programan aldaketarik izango da?

Gehiena lotuta dago. Aste Nagusia, hainbat jai batzorde eta hainbat herritar ere bai, beste modu batekoa izan behar duela esaten ari zaizkigu. Guk, eta donostiar askok, nahi dugun Aste Nagusi berri hori irudikatu ahalko da 2012an. Aurten aldaketatxoren bat izango da.

Aurreko Gobernuak tinko heldu zion Zinemaldiaren finantziazioaren defentsari. Bilduk berdin defendatuko du?

Berdina erantzuten dizut: ezagutu behar dugu. Nik, orain arte, herritar bezala ezagutzen nuen Zinemaldia. Gustuko dut zinea, joan izan naiz baita. Baina barrutik ezagutzerakoan hori guztia aztertu eta bere ondorioak izango ditu. Aurtengo Zinemaldia ere lotuta dago. Horiek dira jaso ditugun herentziak.

Zer uste duzu Tabakalera proiektuari buruz?

Edukiz bete behar dela pentsatzen dugu. Guk Tabakalera ikusiko genuke bertan artistek sortzeko tailer bat bezala. Hemengo artistei aukera eman behar zaie horretarako. Hori ere, asko eta sakon aztertu behar den gai bat da. Bere garaian izango ditu erantzunak.

2013an Donostiako sutearen bigarren mendeurrenaren oroipena izango da. Honen inguruan pentsatzen hasi zarete?

Buruan badarabilkigu. Gure artean aipatu da. Lehengoan jai batzordekoekin bildu ginenean gaia aipatu zen, baina ez diogu oraindik heldu. Oraindik iritsi berriak gara. Hamabost egun beteko ditut nik ostiralean kargu honetan eta oraindik lanean jarraitzen dut. Bihar (gaurgatik) bukatuko dut, eta ostiralean hasiko naiz buru-belarri Udalean. Begira hamabost egun hauetan zenbat gertatu den, atzokoa tarteko. Lasai hartu behar ditugu gauzak. Nahikoa lan dago ez aspertzeko.