Síguenos en redes sociales:

"Goazen dantzara, haurrak lo utzita"

Ez dira egun asko falta. Bat baino gehiago igandera begira jarrita dago. Aste honetako azken egunean, inude eta artzainen konpartsak irtengo dira Gipuzkoan zehar. XIX. mendean hasitako ohiturak ez du etenik. Inude pinpirinei musu bat lapurtzen saiatuko dira artzainak.

"Goazen dantzara, haurrak lo utzita"Karlos Corbella

Inauteri hiritarraren adibide bat da. Antzezpen bat eta Donostia du habia. Dotore jantzita haurrak zaintzen aritzen ziren inude eta hiriburura jaisten ziren artzainen arteko harremanean du oinarri. Hiria eta nekazal munduaren parodia. Hala erditu zen inude eta artzainen konpartsa. Raimundo Sarrieguik berak ere bere ekarpena egin zuen Inudeentzat biribilketa lana 1869an konposatu zuenean.

Donostiako Kresala elkarteari, erakundearen hamargarren urteurrena aitzakitzat hartuta, 1977an konpartsa berreskuratzea otu zitzaion. Harrez gero, hutsik egin gabe inude eta artzainen konpartsaren bultzatzaileetarikoak dira Gipuzkoako hiriburuan: "Nahiz eta bidean elurra izan ezik, denetarik ikusi, euria, kazkabarra… ez dugu hutsik egin", esan du Xabier Arregik, duela 33 urte berreskuratu zuten ekitaldiko bultzatzaile nagusiak.

"Konpartsaren erreferentzia ba-tzuk bagenituen", adierazi du donostiarrak. "Gure senitarteko batzuk dantzariak izanak zirenez, 1950 eta 1960. urte artean, parte hartuak ziren hirian noizbehinka antolatzen ziren konpartsetan". Donostian ez ezik, Gipuzkoako zenbait herritan -Pasaian, Hernanin…- inude eta artzainen konpartsak ere antolatzen ziren.

Donostian, Antigua auzoan, adibidez, lehen, Luistarrek hartutako ekimena, urteetara, Jakintza dantza taldeak hartu zuen bere gain. Ohitura hiriko beste zenbait auzotara ere zabaldu da orduz geroztik.

Garai bateko erreferentziak ain-tzat hartuta sortu zitzaien Kresalako emakume eta gizonezkoei 1977an irteteko grina. "Gogotsu ekin genion lanari. Frankismoa amaitu berria zen eta egitasmoak martxan jartzeko gogo berezia zegoen jendartean", gogoratu du Arregik.

Kresalakoek dantzatu zituzten aro berriko lehen koreografiak, garai batekoekin alderatuta, apur bat ezberdinak izan ziren. Batzuk, egokitu egin zituzten. Beste ba-tzuk, berriz, sortu. "1977an, musikariak behar genituenez, Tirri-Tarra fanfarearekin irten ginen. Baina arazo bat izan genuen, partiturak zituen musikariak etxean ahaztuta utzi baitzituen. Hura hasiera! Ekarri bitartean baltsean dantzan aritu ginen", oroitu du Arregik.

Orain 33 urte Donostiako Alde Zaharretik barrena irten ziren konpartsako emakumeetako ba-tzuk benetako inude jantzi zaharrekin kaleratu ziren. Egun, Kresalak antolatzen duen ekitaldian ehundik gora lagun biltzen dira.

Donostian, dantzariek -inude eta artzainek- panpina eta makilak trukatu egiten dituzte ekitaldiaren amaiera alde. "Behin, jada, rolez aldatuta, hain indartsu bota zuen lau haizetara artzain batek bere inude bikotearen panpina, Alde Zaharreko etxe bateko lehen pisu bateko kristal bat hautsi eta baimenik gabe etxe batean sartu zela", azaldu du donostiarrak irribarretsu.

Inude eta artzainen kontura, dantzarako bikoteak ez ezik, etorkizuneko bikoteak ere sortu dira: "Gogoan dut urte batean bi lagun konpartsan dantzan ari-tzeko batu genituela. Egun, bikote dira".

Ezerezetik

Kalera dantzara

Mikel Larrañaga Azpeitiko inude eta artzainen konpartsako sor-tzailea izan zen iragan mendeko 80. hamarkadan. "Itsasi dantza taldea, Begoña emazteak eta biok 1977an martxan jarri ondoren, urtero zerbait berria atera behar izaten genuenez, 1981ean antolatu genuen lehen aldiz herriko kaleetan zehar inude eta artzainen konpartsa", azaldu du Larrañagak.

Azpeitiarrak, urteetan are atzera egin eta bere gaztaroan, jai egun batean konpartsan parte hartu zuela gogoratu du: "Mutil koskor bat nintzen orduan. Urteak joan dira ordutik", gaineratu du azpeitiarrak.

Egun, Itsasi Euskal Kultur Taldeko zuzendaria Ainara Vidal da. Gaztea izan arren -33 urte- gaztetxo zela irten zen lehen aldiz konpartsan: "16 urte nituenez geroztik urtero irten naiz. Koadrila handi samarra biltzen gara: hamahiru bat bikote heldu eta 30 bat haur", adierazi du.

Otsailaren lehen igandeak oroi-tzapen asko ekartzen dizkio Larrañagari. "Ia ezerezetik sortu genuen konpartsa. Ez zen batere erraza izan. Raimundo Sarrieguiren zenbait kanturen partiturak lortu, ikasi, janzkera zaindu... Ez genuen sosik, baina ilusioa, ordea, gainezka", esan du.

"Lehen urtean dozena bikote gazte inguru irten ziren. Eta atzetik gainontzeko partaideak: alkatea, apaiza, mikeleteak, medikua… Konpartsa herriak bero hartu zuen", gogoratu du Larrañagak. "Ezusteko atsegina eman genuen. Harrez gero, urtero atera da taldea. Egun, danborrada bat ere konpartsarekin irteten da", erantsi du.

Artzain, inude eta elegante eguna

Batera Azpeitian

Inude eta artzainak konpartsa eta Elegante Eguna data berean ospa-tzen dira Azpeitian. Eguerdian izaten dute bilkura. "Biek dute elkarren berri. Elegante Eguna, inude eta artzainen konpartsaren altzoan jaio zen", gogoratu du Larrañagak. "Goizean sokamuturra izaten da. Eguerdian inude eta artzainak. Eta, ostean, txikiteoa eta bazkaria dotore jantzita. Egun handia izan ohi da, inondik-inora", azpimarratu du.

Garai batean, inude eta artzainen ekitaldia amaitu ostean, parte-hartzaileek lagun arteko bazkaria ospatzea ohitura izan zen urte askotan. "Dantza taldearen egoi-tzan eltze handi batean zopa egin, oilaskoak berotu eta bazkaria egiten genuen. Gero dantzarik ez zen falta izaten: fandangoa, arin-arina… Hau da, parranda. Dena batera. Egun polita izaten zen oso", zehaztu du Larrañagak.