Síguenos en redes sociales:

"Aldaketa batzuk izan arren, bere nortasunari ondo eutsi dio Arroa Beheko kabalgatak"

Ez da Zestoako Arroa nolanahiko auzoa. Aurten bertako errege kabalgatak 50 urte beteko ditu. Auzokideak gogotsu daude Errege-egun bezpera noiz iritsiko zain. Baita Patxi Urbieta ere. Haur bat bezain urduri dago. Berriz ere Meltxor erregea izango baita

"Aldaketa batzuk izan arren, bere nortasunari ondo eutsi dio Arroa Beheko kabalgatak"

zestoa. Errege kabalgataren bultza-tzaileetariko bat zara.

Bai. Bultzatzaile nagusia Ramon Maria Olaizola apaiza izan zen. Arroako Karmengo Ama elizara etorri zenean, meza-mutil lanetan, lehen meza ematen lagundu nion.

Duela 50 urte, zerotik hasi zineten.

Bai. Zaldiak genituen soil-soilik. Trajeak, adibidez, nondik edo handik lortu genituen. Ohe-estalkiekin, kapak egin genituen; ohe buruko-azalekin, galtzak? Burua dezente astindu behar izan genuen. Lehen urtean, nire emazteak -orduan ez ginen bikote ere- bere eraztun bat utzi zidan ahalik eta txukunenen irteteko. Harrez gero lan handia egin da erregeak ahalik eta jantzi dotoreenekin irten daitezen.

Lehen urte hartan, 1960an, errege izan zinen.

Bai. Baita beste sei edo zazpi urtetan ere. Beti Meltxor izan naiz.

Errege-egun bezpera berezia al da zuretzat?

Bai. Baina aurten are bereziagoa. 50 urte ez dira beti betetzen eta ospakizun ederra izango da. Ilusioz gainezka nago. Lehen edizio hartan errege gisa nirekin batera irten ziren beste bi lagunak ez dira bizi, ezta ni baino urtebete gazteagoa zen nire morroi lanak egin zituena ere. Eguna noiz iritsi zain nago. Errege-egun bezperatik bost egunetara, urtarrilaren 10ean, 71 urte beteko ditut.

20 urte zenituen lehen aldiz irten zinenean Arroa Beheko kabalgatan.

Hala da. Errege oso gaztea nintzen. Orduan auzoko apaizaren inguruan gazte mordoa ibiltzen ginen eta kabalgata egitea erabaki zenean norbaitek izan behar zuen Meltxor, eta ni aurkeztu nintzen boluntario.

Zaldi gainean ibilbide luzea egin behar izan al zenuten?

Zorionez, ez. Errepide nagusitik barrena elizaraino joan ondoren, bertan zeuden jaiotzako partaideak gurtu ondoren, elizaren atzealdean dagoen eskolara joan ginen. Han zeuden hiru jarlekuetan eseri eta herriko ume guztientzako opariak zozketatu genituen. Gaur egun ere berdin-berdin egiten da.

Ohiturari urtetan eutsi diozue.

Bai. Zaldi gainean aurkezten ginen garai batean jendaurrean. Orain, hiru erregeak, trenean heltzen dira. Aldaketa batzuk izan arren, bere nortasunari ondo eutsi dio Arroa Beheko kabalgatak.

Aurten, beste behin, Meltxor erregea izango zara.

Bai. Ez da gaur goizeko eskaria. Kabalgatak 50 urte betetzen zituenean ea berriz ere irtengo ote nin-tzatekeen esan zidaten antolatzaileek duela bizpahiru urte. Patxi, gogoratzen al zara zer agindu zenigun? gogorarazi zidaten duela hilabete inguru. Osasunez ongi nagoenez, bai, erantzun nien. Eta betetzeko asmoa dut. Meltxor erregea izango naiz beste behin.

Garai batean opariak nondik lortzen zenituzten?

Lehen, Arroa auzoan, Cementos Rezolaren porlan fabrika zegoen. Lantegitik laguntza dezente jasotzen genuenez opariak erosteko adina izaten genuen. Egun, Gabonetako eta Haurren Loteria saltzen dugu, eta lorturiko diruarekin erosten ditugu opariak. Oso harro gaude Arroan egiten dugun errege kabalgatarekin. Garai batean, 16 eta 25 urte bitarteko gazteak egun baino gehiago parte hartzen zuten antolakuntzan. Orain, ordea, haurren gurasoak murgiltzen dira gehiago. Egun, 35 bat lagun ari-tzen dira egitasmoan lanean.

Zure seme-alabek ikusi al zintuzten Errege Mago lanetan?

Bai. Nahiz eta ez diren askorik gogoratzen; txikiak izateaz gain, mozorrotutik ez baininduten ezagutu. Nire semea Euskal Herritik kanpo bizi da, eta aurten bere hiru urteko semea eta emaztearekin etorriko da kabalgata ikustera. Arroan ohitura berezi bat dugu. Auzotik kanpora bizi diren gurasoek erositako opari bat kabalgatara ekarri eta erregeei ematen diote. Hauek oparia noren-tzat den esan ondoren, zuzenean ematen diote haurrari. Umea aho zabalik geratzen da bere izena en-tzun eta Errege Magoen eskutik oparia jasotzen duenean. Hori, Arroan egiten da soil-soilik. Aurten bilobari oparia neronek emango diot. Hau da, Meltxorrek.

Hunkituta al zaude?

Duela 50 urteko ilusio berbera dut.