Síguenos en redes sociales:

"Txatxilipurdik egiten duen lana berehala ikusten da; pozgarria da emaitzak herrian bertan ematen baitira"

Eneko Barberena 26 urteko gazte arrasatearra ez da geldirik egoten. Bi liburu argitaratu ondoren, hirugarren bat prestatzen ari da. Testu motz, marrazki eta musikaz osatutako lana izango da, 'Martin Larralde' izenburukoa. Badira urte batzuk ere Txatxilipurdi elkartean lanean ari dela

"Txatxilipurdik egiten duen lana berehala ikusten da; pozgarria da emaitzak herrian bertan ematen baitira"

arrasate. Idazlea, Zuzenbidean lizentziatua, olerkaria, Txatxilipurdiko idazkaria, euskara elkarteetako kidea?. Gauz guzti hauek egiteko denbora nondik ateratzen duzu?

Askotan zaila izaten da denbora ateratzea. Beti guztira justu iristen naizenaren sentsazioa izaten dut, baina heltzen naiz eta ez da gutxi. Hori bai, batzutan zer egin edo zer ez ere aukeratu behar izaten dut.

Joan gaitezen zatika. Nola sortu zen zure idatz zaletasuna?

Umetatik asko irakurri dut eta hortik datorkit zaletasuna. Gainera, 17 urterekin hemen zegoen aldizkari batean, Putz izenekoan, idazten hasi nintzen. Ordutik, beti idatzi izan dut zerbait, boladan batzutan gehiago, eta beste batzutan gutxiago.

Izan ere, orain arte bi liburu argitaratu dituzu: "Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk" (narrazioa), eta "Lurrunak ez du oraindik kristalik estali" (poesia). Nola izan zen esperientzia?. Pozik zaude irakurleengandik jaso zenuen harreraz?

Oso ona izan zen, nire inguruan jende askorentzako hain gertutik idazle bat ezagutzearen esperientzia kuriosoa zelako. Irakurleentzako gauza berezia zen idazlearekin obrari buruz zuzenean komentatzeko aukera baitzeukaten, Arrasaten ohituago daude hau musikariekin egiten. Hauekin beti da errazagoa denok baitugu bat gure inguruan. Idazleekin, agian, ez zegoen belanauldi askotan aukera hori.

Hirugarren liburua argitaratzeko asmoa duzu?

Hortan nabil. Mikel Oceja laguna eta bion artean prestatzen ari gara. Martin Larralde izango da obraren izenburua. XIX. mendeko Lapurdiko bertsolari famatua izan zen hura, eta nahiz eta liburua berari buruz ez izan, bai hartzen duela pertsonaia hau aitzaki moduan. Testu motzak izango dira, apur bat denetik: olerkiak, gogoetak?; guztiak marrazki eta musikarekin lagunduta. Espero dugu urtarrila edo otsailerako jendeaurrean aurkeztea. Orduan gauza gehiago joango gara argitzen.

Baina, momentuz, kontatu nola sortu zen ideia...

Urtebetean zehar testu batzuk pila-tzen joan nintzen, eta gogoa piztu zi-tzaidan forma eman eta zerbait argitaratzeko. Diseinuaz idearik ez daukadanez, Mikelengana jo nuen esku bat botako zidan eskatzera. Gerora etorri zen musikarena, hori izango da berritasuna. Musikari desberdinei eskatu diegu kolaborazioa, beraz liburuko testuetan oinarritutako kantak CD batean irtengo dira.

Euskal literaturan ikusten duzu lekurik zuretzako?

Orain arte zeozer egin dugu, beraz lekutxo bat egongo da. Erraza den edo ez, beste literatura guztietan moduan. Prestatzen ari garen liburua autoekoiztea nahiago genuen, nahiz eta Tolosako Bonberenearekin aurrera eramango dugun banaketa. Azkenean uste dut gogoa izanez gero, zerbait argitaratzeko orduan ere aukerak hor daudela. Noski, hau norberaren arabera izaten da eta niretzako, momentuz, nahikoa da. Pozik nago egindakoarekin.

Zer da "Kulturisten Kofradia"?

Ganberrada bat izan zen. Manex Agirre eta biok egina. Arrasateko gaztetxeko liburutegia inauguratu zenean Kirmen Uribe ekarri zuten poesia errezitaldia egitera, eta honen aurretik literatura eta umorea uztartzen dituen saio bat eskaintzera irten ginen. Ondo irten zenez, beste bizpahiru saio atera zitzaizkigun. Holako gauzak egiteko gogoa daukagu baina, horretarako, astia ere izan behar da.

Umeen arloan ere esperientzia duzu. Zer poztasun ematen dizu honek?

Esaterako, udaleku garaian errekau bat egitera joan Txatxilipurdiko egoitzatik eta Herriko plazan haurrak jolasten, korrikan... entzutea polita da. Kalean emaitzak ikusten dira, haurren aurpegitan, gurasoei ze ondo pasa duten kontatzen... Berehala ikusten den lan bat da. Gainera, pozgarria da, emaitzak herrian bertan ematen baitira.

Zeintzuk dira Txatxilipurdik gerorako dituen helburuak, proiektuak...?

Batetik proiektua sendotu, lan taldea finkatu eta hortik aurrera, gure eskaintza hobetzen saiatu. Euskararen erabilera eta aisialdi hezitzailea bultzatzea da gure eginkizuna, eta horretarako beste jende edo elkarte batzuekin eginez gero, hobeto. Dagoeneko egiten ari gara eta hau sendotu eta indartzea da gure lehentasunetako bat.

Egoitza berria, noizko?

Hor gabiltza leku aldaketa antola-tzen. Ez daukagu datarik, urtarrila edo otsailerako han egotea espero dugu. Nafarroa etorbidean egongo da gure bulegoa, Udaltzaingoaren egoitza berriaren gainean. Uste dugu gure jarduna hobetuko dela. Txatxilipurdi azken urte hauetan asko hazi da eta leku aproposa behar dugu.

Herriko jaiak antolatzen zabiltza. Nola datoz aurten santamasak?

Gauzak garrantzitsuenak lotuta daude. Berrikuntzak ere egongo dira, baina horiek behar den egunean jakingo dira.