Uda honetan 210.820 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, pasa den urtean baino % 1,56 gehiago. Beste aldetik, alde nabarmena antzematen da gure lurraldeko kostaldeko udalerrien artean. Aurten, 950.000 erabiltzailek bisitatu dituztela hondartzak ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean.

Balantze ezkorra

Iraunkortasuneko foru diputatu José Ignacio Asensiok eta Trantsizio Ekologikoko zuzendari Mónica Pedreirak aurkeztu zuten atzo 2024ko hondartza denboraldiaren balantzea, non Gipuzkoako hareatzetako “iraunkortasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko etengabeko ahalegina” islatzen den.

Asensiok azpimarratu zuenez, “Nahiz eta zenbait hondakinen gorakadak eta erreskateak bezalako erronkek bere horretan jarraitu, baliabideen kudeaketa egokiari eta herritarren lankidetzari esker, Gipuzkoako hondartzek kalitate eta bikaintasun handiko inguruneak izaten jarraitu dute erabiltzaile guztientzat”.

Alor horretan, Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak egindako lana nabarmendu zuen, hareatzen kudeaketan lortutako aurrerapenetarako “funtsezko” elementutzat; “Aldundiaren eta kostaldeko udalen arteko ahaleginak koordinatzeko aukera ematen duelako, Hondartzak Kudeatzeko Plan Integral baterantz aurrera jarraituz”.

Plan Integrala

Eguraldia oso ona ez izan arren, Gipuzkoako hondartzetako erabiltzaile kopurua iazkoaren oso antzekoa izan da, eta ia milioi bat bisitari izan dituzte ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Guztira, 950.000 erabiltzaile erregistratu dira 2024an, aurreko urtean 940.000 izan zirelarik.

2023an bezalaxe, Hondarribiko hondartza izan da aurten ere jendetsuena 275.000 pertsona jasota, ondoren Zarautz dator 203.000rekin, eta Debako Santiagon 180.000 lagun bildu dira.

Sorospen-zerbitzuek 327 erreskate egin dituzte guztira, beraz, iaz baino % 63 gehiago. Guztira 658 pertsona salbatu dituzte, 2023an baino % 92 gehiago.

Bestalde, latitude hauetan ohikoak ez diren animalien ikuskapenak eta hondartzeak nabarmen ugaritu dira, eta hori ere, “adierazle berria da Gipuzkoako kostaldea jasaten ari den aldaketen artean”.

Aldaketa nabarmenik gabe

2024ko udako denboraldian bildutako hondakinen guztizko kopurua 2023koaren oso antzekoa izan da; %1,56ko hazkunde orokorra, orotara 210.820 kilogramo jasota.

Hondarribia eta Orioko hondartzetan hondakin kopurua nabarmen murriztu da aurten. Beste herri batzuetan, ordea, esate baterako Deban eta Mutrikun, hondakin gehiago jaso dute, euri-jasa bortitzen eraginez itsasoak zabor ugari ekarri duelako, 2023al aldiz, ez zen horrelakorik gertatu.