Gaur egungo merkatuaren beharrei erantzuten die Lanbide Heziketak (LH). “Gero eta gehiago”, dio HETEL Elkarteko lehendakari den Julen Elgetak. “Lanbide Heziketa berriak dakartzan pertsonalizazioak eta malgutasunak aukera berriak sortzen dituzte. Formatu dualean ezartzen ari garen garapena eta hobekuntza lagungarria da, elkargoaren eta enpresaren arteko harremana oso estua eta eraginkorra izan dadin. Gainera, gure ikastetxeak enplegu agentzia oso garrantzitsuak dira. Enpresentzat interesgarriak diren ibilbide berriak ere badaude; hala nola, espezializazio ikastaroak edo masterrak”, azaltzen du Elgetak.

Julen Elgeta, Hetel elkarteko lehendakaria N.G.

Euskadiko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak, HETELek, argitaratu duen lan egoerari buruzko azken txostenaren arabera (2022-2023 promozioarena), ziklo eta eskualde jakin batzuetan %100eko enplegarritasuna dago, eta goi mailako zikloetako laneratze tasa %83koa da. “Enpresek gehien eskatzen dituzten profilak teknikoak dira, batez ere. Batzuek, gainera, ez dituzte behar dituzten profilak aurkitzen. Lan merkatua ziklo teknikoetako (mekatronika, robotika, mekanizazioa...) ikasle gehiago xurgatzeko gai izango litzateke. Enpresek, talentua erakartzeko, formatu dualera jotzen dute pertsona kualifikatuak lortzeko eta, horretarako, gero eta gehiago lehenengo mailetara jotzen dute”, azpimarratzen du Elgetak.

“Euskadin Lanbide Heziketak ezaugarri asko ditu. Formatu dualak eraginkortasun maximoa du eta nortasun ikur bat da”

Julen Elgeta - Hetel elkarteko lehendakaria

Lan baldintzei dagokienez, HETELeko lehendakariaren ustez, “oro har, industriarekin lotura handiago duten lanpostuetako lan baldintzak hobeak dira beste sektore batzuek eskaintzen dituztenak baino, haien hitzarmenak hobeak baitira”. Faktore hori “lehentasunezkoena da ikasleentzat lanpostu bat aukera-tzeko orduan”, gaineratzen du Elgetak.

Euskadin Lanbide Heziketak dituen ezaugarriak asko dira

HETEL Elkartea 32 ikastetxek osatzen dute, hau da, euskal Lanbide Heziketa osoaren %27k. “HETELen plantilla hazten joan da, eta gaur egun bost pertsona gaude lanaldi osoan. Hazkunde horren zati garrantzitsu bat HETELen nazioarteko esparrua izan da; urtero hamar proiektu inguru kudeatzen ditugu. Esparru berriak sartu dira estrategian, hala nola, iraunkortasuna, berrikuntza eta digitalizazioa. Elkartearen DNAn beti egon da pertsonen arteko lankidetza, ikastetxeen artekoa, erakundeen artekoa... eta, beraz, momentu honetan hamar lantalde ditugu martxan. Gaur egun, ekintzetako berrikun-tzak eta sormena bereizgarri dira (ikasgela-enpresa martxan ipintzea, HETEL telebista eta HETEL eskola abian jartzea...)”, zehazten du elkarteko lehendakariak.

"Ikastetxeetan ikasgela digital mota desberdinak kokatzen ari dira ikasleek enpresetara sartzean beharko dituzten gaitasun digital mota guztiak garatu ditzaten"

Euskadin Lanbide Heziketak dituen berezitasunetan ere jartzen du arreta Elgetak. “Ezaugarri asko ditu, Lanbide Heziketa ona egiten dutena. Tknika LHko berrikuntza zentroa da, eta ikastetxeek parte hartzen duten proiektu asko bultzatu eta koordinatzen ditu. Sareko lana beste aldagai garrantzitsu bat da (itunpekoen eta publikoen arteko lankide-tza, ikastetxe eta enpresen artekoa...), ikaskuntza eredua erreferentzia handia den bezala (erronkak ebaztean oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza). Aipatzekoak dira, halaber, ikastetxeetan garatutako ekintzailetza, enpresekin batera aplikatutako berrikuntza, eta nazioartekotzea, azken hau gero eta indartsuagoa da. Formatu dualak eraginkortasun maximoa du eta nortasun ikur bat da”, nabarmendu du Elgetak.

Gaur egungo erronkei aurre egiteko abian jarri diren ekimenak 

Adimen artifiziala, gaitasun digital berriak… Enpresek aurre egin behar dieten erronkak ez dira txikiak. “Une honetan, ikastetxeetan ikasgela digital mota desberdinak kokatzen ari dira (interaktiboak, murgiltzaileak...) eta ikasleek enpresetara sartzean beharko dituzten gaitasun digital mota guztiak garatzeko erabiltzen dira. Horrek, gainera, irakasleen etengabeko prestakuntza dakar, ikasleek landuko dituzten erronketan txertatzeko. Honetaz gain, gai horiek Europako hainbat proiektutan lantzen ari gara, beste herrialde batzuetako ikastetxeekin batera”, adierazi du HETELeko lehendakariak.

Beste erronka batzuk ere aipatzen ditu Elgetak: “STEAM zikloetan nesken presentzian dagoen desoreka lehentasunezko erronka da, baita ere digitalizazioa, etengabeko bilakaeran dagoena, bai ikasgeletan, bai enpresetan. Bestalde, jaiotza tasaren jaitsiera landu beharrezko kezka da; eta jasangarritasuna funtsezko faktorea da LH berri honetan. Lanbide Heziketaren lege berriak aukera berriak ekarriko ditu (bestelako moduluak eta aukerakoak, enpresan ikastea...), eta ahalik eta gehien erabiltzen jakin beharko dugu”.