Urtetik urtera gora egiten du Lanbide Heziketaren alde egiten duen ikasle kopuruak. 2023-2024 ikasturtean, esaterako, 49.200 ikasle matrikulatu dira, iaz baino %9,1 gehiago. Zortzi urte atzera egiten badugu, berriz, igoera are handiagoa da, izan ere, Lanbide Heziketak hazkunde ikaragarria izan baitu 2015-2016 ikasturteaz geroztik: %30,1ekoa, hain zuzen.

Datuok positiboak badira ere, emakumeen presentziari dagokionez, oraindik asko dago egiteke: aurtengoan erdia baino gehiago (%65) gizonak dira. Arloen arabera, gainera, gizon eta emakumeen arteko arrakala handitu egiten da. Osasun eta sozio-sanitario arloko zikloetan, adibidez, gehiengoa neskak dira (%77,8). Txanponaren beste aldean ikasketa teknologiko eta industrialak daude, non, emakumeen presentziak nabarmen egiten duen behera: %29,7 eta %12, hurrenez hurren.

Hori bai, zenbakiak lasaigarriak ez badira ere, esan beharra dago poliki-poliki joera aldatzen ari dela, azkeneko 5 urteotan %34ko gorakada izan baitu emakumeek ziklo industrialetan duten presentzia. 

“Sektore honetan ez dago langabeziarik eta neska izatea plus bat izan daiteke, emakume gutxi daudelako”

Tolosaldea Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan badira ziklo industrialak ikasten ari diren emakumeak. Kopuru aldetik ez dira asko, baina urtetik urtera gero eta gehiago direla antzematen dute. Itsaso Telleria (Tolosa, 21 urte) goi mailako Eraikuntza metalikoen lehenengo mailan ari da. Soldadurako erdi mailako zikloa iaz bukatu zuen eta orduan erabaki zuen industria arloko goi mailako ikasketekin jarraitzea. “DBH bukatu ondoren, zalantza handiak izan nituen. Ez nuen liburu artean jarraitzeko asmorik, zerbait praktikoa bilatu nahi nuen”, esan du. Baina, zergatik soldadura? “Aitak tailer batean egiten zuen lan, gustura zebilela ikusi nuen eta jakinmina piztu zidan. Ate irekien jardunaldira etorri nintzen (Tolosaldeako ikastetxera) eta gustatu zitzaidan. Tailerrean aritzea piezak egiten interesgarria iruditu zitzaidan. Ez nuen nire burua bulegoko lanean ikusten”. 

Itsaso Telleria, Eraikuntza metalikoen goi mailako zikloko ikaslea Arnaitz Rubio

Ibilbide egokia aukeratu duelakoan dago Itsaso, baina hasieran erratu izanaren beldur izan zela aitortzen du: “Lehenengo hilabeteak gogor samarrak izan ziren. Neska bakarra nintzen eta tailerrean sartzen nintzen bakoitzean jendea niri begira zegoela sentitzen nuen. Arraroa egiten zitzaien. Gerora, konfiantza hartuz joan nintzen, bai ikasketekin bai ikaskideekin, eta esperientzia hain positiboa izan zen, ikasten jarraitzeko gogoa piztu zitzaidala”. Eraikuntza metalikoen goi mailako zikloan matrikulatu zen, “lanpostu hobea izateko helburuarekin”, izan ere, soldadurarekin erlazionatuta egonda, ezagutza zabalagoak eskainiko dizkio. Etorkizunera begira, ez dauka oraindik argi espezializazioren bat ikasi edo lanean hasiko den. “Ur azpiko soldaduran espezializatzea gustatuko litzaidake. Lanari dagokionez, sektore honetan ez dago langabeziarik eta neska izatea plus bat dela esango nuke, oso emakume gutxi daudelako”. 

“Batzuentzat aspergarria izango da, baina niretzat denbora azkar pasatzen da tailerrean piezak montatzen nagoenean”

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasi zuen Ainhoa Beldarrainek (Asteasu, 24 urte), baina bizitzak beste bide batetik eramango zion unibertsitatean zegoela. “Ikasten nengoela, fabrika batean hasi nintzen lanean, piezak montatzen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Batzuentzat aspergarria izango da, baina niretzat montajean denbora azkar pasatzen da”. Unibertsitateko ikasketak eta fabrikako lana bukatutakoan, bere tituluarekin zerikusia zuen lana aurkitu zuen, enpresa bateko marketin sailean.

“Bulegoko lanak ez nau betetzen eta hortxe hartu nuen erabakia industria arloko ziklo bat ikasteko. Izan ere, ADE egin baino lehen, ingeniaritzaren bat egiteko tentazioa izan nuen… Ez nuen batere argi zer nahi nuen eta Mekatronikaren alde egitea erabaki nuen arlo asko ukitzen dituelako: elektrizitatea, soldadura, pneumatika, hidraulika, mekanizatua…”, azaldu du.

Ainhoa Beldarrain, Mekatronikako goi mailako zikloko ikaslea. Arnaitz Rubio

Lan munduan sartzeko eskaintzen duen erraztasuna da Lanbide Heziketatik gehien baloratzen duena. “Oso motza egiten da. Lehen kurtsoan nago eta apirilean praktikak egingo ditugu. Dualarena ere oso interesgarria da, lana eta ikasketak uztartzeko aukera ematen dizulako”. 

Horrekin guztiarekin, Ainhoa pozik dago egindako hautuarekin. “Bere garaian zalantzak izan nituen, sekula ez nuen esango hau egingo nuenik, baina oso pozik nabil”, adierazi du. ADEko ikasketei ere probetxua atera diela argitzen du, izan ere, Kontabilitatean dago espezializatuta eta arratsaldeetan kontabilitate lanak egiten ditu enpresa batean. “Etorkizunera begira, montajea eta gestioarekin zerikusia duen lana aurkitzea gustatuko litzaidake, hori da nire lan ideala”, hausnartu du. 

“Goierri inguruan industria arloko enpresa indartsuak daude eta honetan lan egiteko aukerak handiak dira”

Hiru seme-alabekin eta hainbat lan prekario izan ondoren, lan baldintzak hobetzeko asmoz hurbildu zen Naiara Aldalur (Segura, 38 urte) Lanbide Heziketara. Berogailuak produzitzen dituen enpresa handi bateko tailerrean izandako esperientzia onak bultzatu zuen Mekanizazio zikloa ikastera. “Supermerkatu batean ibili nintzen lanean, baina baldintzak nahiko kaxkarrak ziren. Orkli berogailuen enpresan sartu nintzen, tailerrean, eta aukera egokia zela ikusi nuen”. 

Naiara Aldalur, Mekanizazioko goi mailako zikloko ikaslea. Arnaitz Rubio

Mekanizazioko erdi mailako zikloa amaitu ondoren, goi mailakoari ekitea erabaki zuen. 22 ikasletik soilik bi dira neskak. “Argi dago oraindik emakume gutxi animatzen direla industria arloko ikasketak egitera, baina nire inguruan ez naiz kasu bakarra; nire ahizpak Robotika ikasi zuen eta CAF enpresan dabil lanean”, dio. 

Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio Naiarak. “Hemen, Goierri aldean, industria arloko enpresa indartsuak ditugu eta honetan lan egiteko aukerak handiak dira. Momentuz, ikasketak bukatzea da nire helburua, eta gero gerokoak”, gaineratu du.