Azpeitiko Ikastola antolatzen ari den Kilometroak 2024ko lelo nagusia ‘Izpiz izpi’ da eta egitaraua osatzen duten 'izpi' batzuk ezagutu ahal izan dira gaur goizean ikastolaren egoitzan burutu den prentsaurrekoan.
Euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza dira egitasmoaren ardatzak eta hirurak presentzia nabarmena izango dute Kultur Izpiak izenarekin bataiatu duten programan. Alaitz Epeldek, Azpeitiko Ikasberriko artezkaritzako kideak, adierazi duenez “urriaren 6a festa eguna izango da, noski. Festa alai, goxo eta sanoa egiten saiatuko gara haurrentzat, helduentzat, eta ikastolako komunitatearentzat ez ezik, herri osoarentzat ere. Baina aurten, egun horri bezain besteko indarra eman nahi diogu Kilometroen urteari, eta urte guztian zehar landu nahi ditugu hiru ardatz horiek, Kilometroak-en egunean ez ezik urtean zehar egingo ditugun ekimen guztietan ere presentzia izan dezaten”.
Otsailak 9an eman zitzaion hasiera egitarauri Inauteri Munduz Mundu egitasmoarekin. Euskal Herriko inauteriak nondik datozen eta zer lotura duten Euskal Herritik kanpoko beste lurraldeetako inauteriekin landu zuten ikasleek. Bestaldetik, otsailak 17an burutuko da Tutera-Azpeitia ekimenaren lehen etapa. Bederatzi etapatan, Nafarroa barrenetik, Tuteratik, Azpeitirainoko Ibilbidea beteko da oinez, Nafarroan euskarak duen egoera eta bere alde egiten den lana ezagutzeko aukera izango da. Martxoak 2an Zurak eta Ezpalak izena duen eguna ospatuko da. Bertan Ikastolari hasiera eman zioten belaunaldientzako ikastolako ateak irekiko dituzte, eta Ikastolako haurrek gelak eta ikasteko metodologiak azalduko dizkiete beraien aiton-amonei, jai giroan.
Beskoitze Ikastolarekin elkartasuna azalduko du Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak martxoak 10ean. Beskoitzeko ikastola ixteko agindua eman du bertako udalak, eta testuinguru horretan Beskoitzen elkartzeko proposamena egin dute babesa eta hartu-emana eskaintzeko asmoz. Beskoitzera hurbilduko dira Euskal herriko periferian dauden ikastolak (Beskoitzeko ikastola, Sohütako Eperra ikastola, Zangotzako ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Tuterako Argia ikastola, Vianako Erentzun ikastola, Oiongo San Bizente ikastola, Balmasedako Zubi Zaharra ikastola) eta baita ere aurten ikastolen jaiak antolatuko dituzten, Getxoko San Nikolas ikastola eta Azpeitiko ikastola.
“Festa alai, goxo eta sanoa egiten saiatuko gara haurrentzat, helduentzat, eta ikastolako komunitatearentzat ez ezik, herri osoarentzat ere"
Korrikan ere presentzia izango du Azpeitiako Kilometroak 2024. Azpeitiko Ikastolak martxoaren 20an, goizeko 5.00etan, jasoko du lekukoa baina, horrez gain, aurtengoan erabaki dute Argantzunen parte hartzea ere. “Argantzun, Trebiñun dago, administratiboki Burgos da. Eta bertara joango gara Argantzun ikastolaren ondora korrika egin eta harreman berriak sortzera”, esan du Gorka Alberdik, Azpeitiko kilometroen koordinatzaileak.
Apirilak 19an Ikasle Topeketak izena duen ekimenaren helburua Azpeitia herri ezberdinetako gazteen elkargunea bihurtzea da. Prestatzen ari dira oraindik, baina Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta, Batxilergoko ikasleen ordezkariak, argi utzi dute zeintzuk diren helburuak: “Nahi dugu Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak elkartu eta gure intereseko gaiak elkarrekin partekatzeko aukera bat sortu, elkar ezagutu, esperientziak trukatu eta bereziki, elkarrekin ondo pasatzea”.
Apirilak 27an KMK Txikia ospatuko dute. Haurrak, helduak, gazteak, herritarrak eta herritar ez direnak, etorri berriak, euskaldunak eta ez euskaldunak kontuan hartuko dituen egun bat izango da. Maiatzak 17a bertsolaritzaren txanda izango da. Bertso Izpiak izena duen bertso jaialdi bat ospatuko da Soreasun eta Andoni Egaña, Amets Arzallus, Jone Uria eta Urolako ordezkari gisa izango diren Eneritz Artetxe, Naia Arrizabalaga eta Jokin Uranga igoko dira eszenatokira.
Ekainak 14an KMK24 abestiaren eta bideokliparen aurkezpena egingo da Ikasturte amaierako festan, eta ekainak 19an eta 20an kulturartekotasunak eta aniztasunak bere tokia hartuko dute programan Amazig Herri Izpiak egitasmoarekin. Azpeitiko Udala, Nafar Zuztarrak eta Kulturaz-ekin elkarlanean Afrika iparraldeko Amazig herria ezagutzeko aukera izango da Xabier Irujoren eta Amazig etniako Basamortuko blusak musika taldearen eskutiken eskutik. Irailak 1ean Argazkizpiak izena duen egitasmoa burutuko da. ‘Izpiz izpi’ leloari jarraituz, Azpeitiko Ikastolak oporretan izpiei ateratako argazkiekin bilduma bat egitea nahi du. “Oporretan zaudetenean, egunsentiari begira edo ilunabarrari begira, hondartzan eguzkitan edo ilargiaren goxotasunean, atera argazkiak argi izpiei. Izpiz izpi denok elkartuko gaituen ekimen bat proposatuko dugu. Argazkiak etorri ahala, sare sozialetan eta web orrian publikatuko ditugu”, adierazi du Alberdik.
Argazkizpiak ekimenarekin bukatutzat emango da irailera arteko programa. Aurkezpenean azaldu denez, udako oporren ostean emango da irailetik aurrera ospatuko diren ekintzen berri.