Euspot euskarazko spot lehiaketaren hamahirugarren edizioaren funtsa mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak azaltzea izango da. Horixe da aurkeztuko diren lanek jorratu beharko duten gaia, hori guztia 30 segundoko iragarki baten bitartez lortu beharko da.

Gizartean pil-pilean dagoen gaia da. “12 urteko seme-alabak telefono mugikorra eskatu die gurasoei. Zer egin? galderari erantzun behar dioten spot sortzaile eta originalak bilatzen ari gara. Teknologiak eta mugikorrek adin txikikoei eskaintzen dizkieten aukera eta mehatxuak aintzat hartuko dituzten iragarkiak. Gizarte orokorrari, baina bereziki guraso eta hezitzaileei zuzendutako lana izan behar da”, adierazi dute gaur Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Ikus-Entzunezko Komunikazio Kanpusean egindako aurkezpenean.

Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi ikastola dira antolatzaileak, eta aurtengo babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika Saila da. “Gizartean kontzientzia piztea eta, batez ere, guraso gazteen kolektiboan eragitea da helburua”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Parte hartzaileek maiatzaren 20ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Lanak, 2gb baino txikiagoak izan beharko dira, eta euspotlehiaketa@arteman.eus helbidera bidali beharko dira WeTransfer bidez. Gainontzeko onarriak www.euspot.eus-en webgunean daude eskuragarri.

3.000 euro saritan

Guztira 3.000 euro banatuko dira saritan, sei kategoriatan banatuta: Spotik onena (1.000 euro); publikoaren saria (500 euro); gazteen saria (500 euro); musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro); Mondragon Unibertsitateko ikasleen lanik onena (500 euro), eta Arizmendiko ikasleen iragarkirik onena (250 euro). Publikoak maiatzaren 24tik 27ra arte bozkatu ahalko du. Sari banaketa, aldiz, ekainaren 6an izango da Arkupe kultur etxean.

Hamahiru urteko ibilbidea

Aretxabaletan sortu zen Euspot duela 13 urte, eta dagoeneko 750 spot jaso dira edizio guztiak kontuan izanda. Euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen aitzindaria izan da lehiaketa hau