Abian da lehen sektorea eta hiri-munduaren arteko topagunearen seigarren edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Gure Lurra. Sembrando Futuro kongresua datorren azaroaren 23an ospatuko da, Kursaaleko kongresu jauregian, Donostian, eta oraingo honetan ere lehen sektoreari ikusgarritasuna ematea eta baserritarrek egiten duten funtsezko lanaren garrantziaz kontzientziatzea izango du helburu.

Horretarako, lehen mailako egitarau mardul eta interesgarria prestatu dute, oreka berdea ardatz izango duena eta inspirazio iturri izango diren hitzaldi, elkarrizketa eta testigantzak eskainiko dituena, baserritarren egunerokotasunean eragina duten bizipenak, gogoetak eta bestelako gaiak Gipuzkoako gizartearekin partekatzeko asmoz.

Jardunaldia mahai inguru eta hitzaldi interesgarriez josita egongo da. 9.00etatik 14.30ak arte iraungo du eta bukaeran lunch bat eskainiko da

9.00etan hasiko da kongresua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren hitzekin eta, ondoren, egitaraua bi bloketan banatuko da. Lehen zatian, Bertakoa, ezinbestekoa izenekoan, gure baserritarren lana balorean jarri eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz hitz egingo dute parte hartzaileek, bertan eskainiko diren elkarrizketa, mahai inguru eta hitzaldietan. Carl Honoré (Eskozia, 1967) kazetari sariduna izango da hizlari nagusia. Hainbat sari eskuratu eta bestseller-en egile goraipatua izateaz gainera, mundu mailako Slow Movement mugimenduaren bozeramaile da Honoré.

Carl Honoré kazetari sariduna izango da hizlari nagusietako bat.

Carl Honoré kazetari sariduna izango da hizlari nagusietako bat. N.G.

Bizitzaren abiaduraz hausnarketa egingo du, izan ere, mundu azkar honi arrakastaz aurre egiteko, abiadura murriztu behar dugulakoan dago eta, bere iri-tziz, “azkarraren eta motelaren arteko oreka zuzena lortzeak, osasuna hobe-tzeaz gain, bizitzari sakontasun, plazer eta esanahi handiagoak ekar diezazkieke”.

Pasaban, mugak eta gailurrak gaindituz

Bertakoa, munduari irekita izeneko bigarren blokean, berriz, kanpoko merkatuek eskaintzen dituzten aukerak aztertuko dira inspirazio gisa. Izan ere, horiei esker, Gipuzkoa kalitatezko eskualde gastronomiko gisa ematen baitugu ezagutzera, baina hori ezinezkoa litzateke baserritarrek egiten duten lanik gabe. 

Horrez gain, Edurne Pasaban alpinista, ingeniari industrial eta enpresari tolosarraren testigantza ezagutzeko parada egongo da. Bere buruaren mugak eta muga profesionalak gainditu dituen pertsona baten istorioa da Pasabanena, 14 zortzimilakoak igo dituen munduko lehen emakumea. Bere esperientziaren kontakizunaren bidez, helburuak finkatzeko, egoera zailetan oztopoei aurre egiteko –egon badaude sektorean– eta edozein ibilbide profesionaletan eta pertsonaletan aurre egin beharreko zalantzak eta zailtasunak kudeatzeko behar diren jarraibideak definitzen lagunduko du. 

Bigarren blokean, Edurne Pasaban alpinistaren testigantza entzuteko aukera egongo da. N.G.

Era berean, Mandiola Goikoa baserriko Eneritz Alberdik baserritarren egunerokoa nolakoa den azalduko du. Atal honetan, larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan lehen sektorean duen paperaren inguruko solasaldi bat ere izango da, Aldundiak abian jarritako Herritarren Batzarreko teknikari eta ordezkariekin. Jarraian, baserriaren jarduera haurtzarotik ezagutarazteko moduari buruzko solasaldia izango da, eta azkenik, Imanol Barcenilla Zootek enpresako gerenteari elkarrizketa egingo diote, zeina Euskadin artisau moduan ekoizten diren kalitateko elikagaiak Britainia Handiko merkatuan erreferente bihurtzeari buruz mintzatuko den. 

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak emango dio amaiera jardunaldiari. “Honako edizioan, landa-ingurunea eta lehen sektore dinamikoa izatearen garrantzia azpimarratu nahi dugu, Gipuzkoarako funtsezko aktiboak ekartzen dituztelako eta ekonomia, gizarte, lurralde edo ingurumen-orekarako gakoak direlako, besteak beste”, jakinarazi du Arrutik. Lurralde Oreka Berdea departamenduaren sorrerarekin, legealdi honetan “jauzi kualitatiboa” eman nahi duela gaineratu du diputatuak, eta “proiektu berritzaileak eta lehiakorrak bideratzeko sektorea gaztetzea” ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Kongresua jende guztiarentzat irekita dago, eta izen-emateak doan egin daitezke Aldundiaren webgunean, non agenda ere xehetasunez kontsulta daitekeen.

Sexta edición del congreso Gure Lurra. Sembrando Futuro

Consolidado como un espacio de encuentro entre el primer sector y la población urbana, la sexta edición del congreso ‘Gure Lurra. Sembrando Futuro’ contará con un programa de primer nivel, ofreciendo, entre otros, los inspiradores testimonios de la alpinista Edurne Pasaban y el premiado periodista Carl Honoré.