Ez da atsedenerako tarte handirik izango datozen egunetan Azkoitian. Izan ere, aurtengo Andramari jaiei hasiera eman dien txupinazoarekin batera, alaitasunez bete dira kaleak.
Erlojuak 12.00ak jo baino minutu batzuk lehenago, danborradarekin lotura estua duten hainbat lagun bildu da udaletxean. Besteak beste, danborradaren atzean dauden gizon eta emakume guztien izenean, txupinazoa bota duten Justino Sasieta "Mateo", Ana Etxaniz “Olaberri”, eta Xanti Artetxe “Etxesa”.
Ana Azkoitia alkateak egin die harrera, gainerako udal ordezkariak bidelagun dituela, eta esker oneko hitzak eskaini dizkie urte guzti hauetan danborrada ahalbidetu duten guztiei. Jada gure artean ez daudenak ere ekarri ditu gogora alkateak.
“Urte guzti hauetan -esan du alkateak- asko izan dira, asko izan zarete, danborradari eutsi diozuenak, herriaren gozamenerako, horrelako ekintzek ere egiten dutelako herria, herri. Danborrada altxor bat da, gure altxorra. 75 urtetan, zenbat bizipen eman dizkigu? Zenbat lagunarteko momentu eder? Zuek, danborradaren aurrean eta atzean egon zaretenok, ondo merezia duzue gaurko aitortza. Besteoi, zuen denbora eta lana eskertzea dagokigu. Aitortza eta eskertza zuentzat”.
12.00etan, Plazako erlojuaren karilloiak “Ondo pasau Andramaixek” jo ostean, entzun da festei hasiera eman dien suziria. “Jarri 2023ko Andramaixei gatza eta piperra! Erakutsi ahotsa kantatzeko duzuela! Eta oinak, dantzarako direla! Izan ditzazuela lagunarte ona, umorea eta festarako indarra!” esan du Ana Azkoitiak udaletxeko balkoitik, plaza jendez gainezka zela.