Aurten Gipuzkoako ikastolen jaia Errenterian izango da, zehazki Orereta ikastolan. Ekimena urrian ospatuko da, baina ostiral honetan Kilometroak 2023ko abesti ofiziala aurkeztu dute eta entzungai dago jadanik.

'Erriola' deitzen da eta Janus Lester taldeak jarri dio ahotsa eta musika Jon Maiaren hitzei. Izan ere, 'Erriola' lelopean antolatu egiten ari dira urte honetako egitasmoa. Jokin Pinatxok abesten du eta bere taldekideek Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatuak), Ane Bastida (baxua), Javier Etxarri (gitarra), Julen Suarez (tronpeta) eta Andoni Arriola (tronboia) 'Erriola' kantaren soinuak ekoitzi dituzte.

Pinatxo abeslariak esan duenez, "'Erriola' abestian nahiko nabarmena da melodiak duela pisua, bai nik abesten dudanean bai zati instrumentaletan ere”. Maiarekin lan egitearen inguruan azaldu du oso erraza izan zaiola berarekin kolaborazioa egitea: "Jonek lehen ideia bidali zidanetik niri abestia nahiko azkar atera zitzaidan. Konexioa azkarra izan zen eta oso gustura aritu naiz”.

Kilometroak 2023ko abestia bihar, maiatzak 6, estreinatuko da Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, 21:30ean “12 orduz Erriolan” kultur maratoiari amaiera emateko. Kultur ekimen hori, hain zuzen ere, Orereta Ikastolak herriko eta inguruetako eragile eta artistekin osatu du eta 11:00etan hasiko da eta 23:00etara arte iraungo du, Janus Lesterren emanaldiarekin.